Aramaioarrak Arabako txapelaren bila

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 14a, 08:00

Xabi Igoa bertsotan Langraiz Okako finalaurrekoan.

Arabako 2015eko txapela sei bertsolarien artean dago eta sei horietako bi aramaioarrak dira: Manex Agirre eta Xabi Igoa. Lehenengoa eskarmentu handikoa, 18 urtez geroztik Arabako txapelketan jardundakoa, final mordotan izan dena eta txapela janztea badakiena zer den (2011ko txapelduna). Bigarrena, aurrekoaren ikaslea, txapelketetan jardundakoa baina lehenengoz iritsi dena finalera. Eta taula gainean beste lau lagun izango dituzte nor baino nor gehiago: Oihane Perea (Gasteiz, 1977), Zigor Enbeita (Abornikano, 1971), Iñaki Viñaspre (Abetxuko, 1984) eta Ruben Sanchez (Zaragoza, 1975).

Berriz ere bi aramaioar oholtza gainean –orain urte batzuk Andere Arriolabengoarekin izan zen Agirre–. Eta beste hiru finalerako atean geratu dira: Paula Amilburu (629 puntu), Iker Agirre (602,5) eta Peru Abarrategi (583). Txapelketa gertatzeko gogor jardun dutela lanean erakutsi dute eta lanak fruitua eman du: "Taldean landu dugu, eta gainera denboraz hasita, iazko urrian. Txapelketan jardun dugun aramaioar guztiok ibili gara batera, baita Arrasaten bizi den Zigor Enbeita ere. Talde horretatik hiru egoteak zerbait esan gura du", argitu du Agirrek eta gaineratu: "Gero eta ziurrago nago txapelketa lantzeko modurik egokiena taldean dela, elkarri laguntzen, elkarri animoak eta konfiantza ematen; eta aurten asmatu dugu bide horretan". Enbeita azken urteotan bizi da Arrasaten, eta Aramaioko bertso eskolako kideekin batera jardun du lanean. Joan den astean Langraiz Okako finalaurrekoa irabazita sailkatu zen; Igoa izan zen bigarrena han. "Talde oso polita da finalean izango dena, seiok gara lagunak eta oso giro ona sortuko da; horrek indarra emango dio saioari. Nik uste dut azken urteotako finalik onena izango dela, maila oso ona dagoelako", jakinarazi du Enbeitak.

Finaleko lanak

Martxoaren 21ean, zapatua, 17:30ean, elkartuko dira sei finalistak Gasteizko Printzipal antzokian. Aintzane Irazustak eta Marta Ugartek jardungo dute gai-jartzaile lanetan, eta bertsolariek horien gidaritzapean egin beharreko lanak honakoak izango dira: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko nagusian; hiruna bertso hamarreko txikian; eta hiruna bertso seiko motzean. Bakarka, hasierako puntua emanda, bina bertso zortziko txikian eta beste bina bertso gaiari, doinu eta neurri librean. Eta gero, buruz burukoan: binaka, gaia emanda, hiruna bertso; eta kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinuan eta neurrian. Eta egindako lan horiek guztiak epaitzen jardungo dutenen artean izango dira Iker Elexpuru aramaioarra eta Mikel Arroiabe aretxabaletarra.

Sarrerak erosteko

Sarrerak erosi ahal izango dira bakarrik Printzipal antzokiaren bitartez: antzokiko leihatilan: martitzenetik zapatura (18:30-20:30) eta ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenago; telefonoz deituta: 945-16 10 45; eta antzokiko Internet zerbitzu bidez. Prezioa da: bazkideendako 8 euro; 16 urtetik beherakoendako 5 euro; eta gainerakoendako, 12 euro.

Manex Agirre: "Pozik handiena da Xabi sailkatu izana finalerako eta pena Paula atean geratzea"

Eskarmentu handia du Agirrek (Aramaio, 1982), eta txapela janztea zer den ere badaki.

Zelan ikusi duzu zeure burua txapelketan?
Konfiantzarekin hasi nintzen baina gero jaitsi egin naiz, neure lekura. Akats batzuk egin ditut eta horrek ziurtasunik eza ekarri dit. Balorazio ona da, finalerako sailkatu naiz-eta, baina kezka puntuarekin nago.

Sailkapen buruan zeu zaude ba…
Bai, baina horrek bertigo apur bat ematen du, konfiantza faltsua eman dezakeelako. Finalean berriro hasiko gara hutsetik, lan handia dago egiteko.

Bi aramaioar finalean…
Pozik handiena horixe izan da, Igoa sailkatzea. Eta pena dut Paula Amilburu ez sailkatu izana, ate-atean geratu da…

Ikasleak aurrea hartuko dizun beldurrik?
Batere ez, benetan asko poztuko nintzateke. Hau Igoaren txapelketa da, oso gogotsu zegoen, eta finalean da. Lehenengo finala du, ez dauka ezer galtzeko, eta ondo pasatuko du; eta horren arriskua da gauzak oso ondo egitea.

Zeinen buruan ikusten duzu txapela?
Bai dela zaila hori esatea! Porrak ikusleek egin ditzatela, ez bertsolariok.

 

Xabi Igoa: "Irakasle izan ditudan hiru lagunekin egongo naiz finalean eta ilusio handia dut"

Lehenengo finala du Igoak (Aramaio, 1992), eta helburua bete duela dio.

Zelako txapelketa egin duzu?
Gustura jardun dut eta igarri da aspalditik gabiltzala lanean bertso eskolan.

Zein saiorekin geratu zara gustura?
Joan den astekoarekin gustura geratu naiz finalerako sailkatzeko balio izan didalako batez ere. Baina Legutioko giroa beroagoa izan zen eta horrekin ere gustura.

Txapelketarako helbururik jarri duzu?
Finala zen helburua eta bete dut hori, hortaz, orain gozatzera eta ondo pasatzera noa, ez dago besterik.

Eta finalean zer?
Ez noa postu baten bila, ez dut horren beharrik, niretako finalean egotea saria delako, eta hori aprobetxatu gura dut.

Eskarmentu handikoak daude finalean, horiek harrapatzeko gertu?
Harrapatu, ez. Irakasle izan ditudan hiru lagun egongo dira nirekin batera: Agirre, Viñaspre eta Perea. Hortaz, ilusio bereziarekin nago.

Zeinen buruan ikusten duzu txapela?
Manexenean, ez dakit espero edo gura dudan baina bai, Manexen buruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak