"Dinamika berri" bat hartu du ospakizunak, herritar guztiarendako "onuragarria" dena: "Galtzear zegoen ohitura bat berreskuratzea lortu dugu, eta hori itzela da. Beste alde batetik, askotariko eragileak elkartu gara, eta eragileon arteko harremanak sendotu egin dira urtean zehar beste zenbait ekitaldi antolatzeko", uste du bertso eskolako kide Xabi Igoak.
Eguraldia eguraldi, 30 lagun espero dira gutxienez
Urtarrilean lau entsegu egin dituzte. Entseguak aurrera joan ahala gero eta jende gehiago joan da batzen eta espero dute iaz baino jende gehiago irtengo dela biharko eskean. Eguraldia, baina, ez dute lagun izango; iaz euria egin zuen eta aurten ere euria egingo du. Hala ere, gutxienez 30 bat lagun elkartuko direla espero dute antolatzaileek.
Santa Agedarekin lotutako doinuez gain, bertsolarien ekarpena ere izango dute. Bi abesbatzek, trikiti doinuez lagunduta, kantuan egiten duten bitartean bertsolariek euren bat-batekotasuna eskainiko dute eskea freskoagoa izan dadin.
Bizente Goikoetxea plazan elkartuko dira bihar 10:00etan eta goizean baserriz baserri joango dira: "Baserrietan oso giro ona sortzen da. Kalean, nire ustez, ez da halako giro berezirik sortzen. Esango nuke Santa Ageda ospakizuna baserri girokoa dela bereziki", dio Bizente Goikoetxea abesbatzako presidente Jose Luis Madinak. 30 baserritik gora bisitatzeko asmoa dute; pozik dago Madina, ohitura berreskuratzea lortu delako: "Lehen Bizente Goikoetxea abesbatzakook irteten ginen bakarrik, jende gutxi elkartzen ginen. Orain, beste taldeen laguntzaz, asko irabazi du ospakizunak".
Goizeko saioen ostean, bi taldeak Iturrieta sagardotegian elkartuko dira bazkaltzeko. Bapo jan eta indarrak hartu ostean, kalera jaitsiko dira talde bakarrean, Ibarra osoa euren kantu, doinu eta bertsoez girotzeko. Ospakizun eguna kaleko elkarte gastronomiko baten amaituko dute, mokadutxo batekin.
Batutako dirua, herritik herrira
Jasotako dirua herrira bideratuko dute: "Herritik jasotzen duguna herriari bueltatuko diogu. Horrekin esan gura duguna da, talde bakoitzak ahal duen heinean, eta aditu edo zaletu den horretan, ekitaldiren bat antolatzen saiatuko garela. Hala bada, herria bera irteten da irabazle, Santa Ageda ospakizunean batutako diruaz beste hiru edo lau ospakizun edo ekintza antolatuko ditugu-eta", adierazi du Xabi Igoa bertsolariak.
Uribarri eta San Martin eskola
Biharkoa izango da herriko Santa Ageda ospakizun nagusia. Horrez gain, baina, Aramaioko zenbait auzotan badago ohitura Santa Ageda eskea egutegiari dagokion egunean, otsailaren 4an, egiteko. Uribarri auzoan, esaterako, urtero irteten dira.
San Martin eskolako neska-mutikoek ere Ibarrako hainbat txoko eta inguruko auzoetako baserri batzuk bisitatuko dituzte, makila eskuan.