Biomasa proiekturako lankidetza hitzarmena sinatu dute Jaurlaritzak eta Aramaioko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urt. 12a, 10:46

Jaurlaritzak biomasaren aldeko apustua egingo du energia termikoaren alternatiba moduan. EAEko 24 udalen eraikinetan autokudeaketa termikorako energia izan dadin laguntza emateaz gain, bost udalerrirekin lankidetza hitzarmenren berri eman zuten modu ofizialean urtarrilaren 9an Arkauten. Bost horien artean dago Aramaio, biomasa sarea etxe pribatuetara ere zabaldu gura duen proiektuarekin. Hilaren 14an jardunaldi teknikoa egingo dute kultura etxean (18:30), HAZIko, EEEko eta instalakuntzak jarriko dituen enpresa espezializatutako adituekin: "Herritarrek eskatuta antolatu dugu saioa, euren zalantzak modu teknikoan argitu daitezen", adierazi du Ramon Ajuria alkateak. 

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak baso-biomasa babesteko ekimena aurkeztu zuen urtarrilaren 9an Arkauten, instalazio publikoetarako eta norbanakoen etxeetarako energia ekoizteko alternatiba moduan.

Jaurlaritzaren laguntza praktikoa

Era berean, EEE eta HAZI erakunde publikoek ere bat egin dute ekimen honekin. Aramaiorekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker Jaurlaritzak honako laguntza emango dio Udalari: oinarrizko proiektua egitea, finantza-plana egitea, proiektuaren kontratazio publikoa erraztea eta obrak egikaritu eta onartzea. 

Jardunaldi teknikoa etzi

Urtarrilaren 14ko jardunaldian zalantza teknikoak argitzeko aukera izango dute herritarrek; kultura etxean izango da, 18:30ean. Landa, itsasertz eta elikagaien sustapenerako HAZI fundaziotik Iñaki Gerenabarrena etorriko da eta Aramaioko baso-baliabideen egoeraren gainean egingo du berba. Energiaren Euskal Erakundetik Sergio Lopez eta Iñaki Boveda etorriko dira eta energiaren eskariaz zein proiektuaren bideragarritasunaz mintzatuko dira. Azkenik, instalazioak egingo dituen Factor 4 enpresako Guillermo de la Puente instalazio-tekniken ezaugarrien gainean arituko dira. 

Aramaioarren atxikimendu gehiagoren bila

Orain arteko atxikimendu kopuruarekin "pozik" egon arren oraindik gehiago behar ditu Aramaioko Udalak. 130 bat atxikitu dira eta 270 bat izatea dute helburu. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak