Aramaioko San Martin eskolako jangela eredua aldatzeko lanean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 2a, 10:00
Ikasle talde bat eskolako jangelan bazkaltzen.

Ez da kontu berria Aramaioko San Martin eskolan jangela eredua aldatzeko proiektua. 2014-2015 ikasturtean 90 bat dira jangela zerbitzua erabiltzen dutenak. Zerbitzua catering enpresa batek kudeatzen du gaur egun eta eskolako guraso elkartea aspalditik ari da zerbitzua aldatu edota eurek kudeatzea aztertzen. 

"Beste hainbat eskoletan janaria kanpotik etortzen da prestatuta. Hemen jaki asko eskolan bertan prestatzen dira baina lehengaiak catering enpresa batek jartzen ditu. Gure asmoetako bat litzateke lehengaiak ere bertakoak izatea; horrek balioko luke, besteak beste, bertako produktuei beste irteera bat emateko", uste du guraso elkarteko Amaia Irizarrek. 

Beste esperientziak ezagutzen

Azaroaren 26an hitzaldia antolatu zuten eskolako liburutegian, egun funtzionamenduan dauden beste esperientzia batzuk ezagutzeko. Orduñako Udalaren sukalde proiektua, Durangoko Kurutziaga ikastolako jangela eredua eta eskola jantokietan elikagai ekologikoak eta menu orekatuak txertatzeko Ekolapikoa programa  ezagutzeko aukera izan zuten hitzaldi horretan: "Bestelako esperientziak ezagutzeko aukera izan genuen. Era berean, orduko eredua aldatu eta gaur egungoa lortzeko zela borrokatu duten ere ikasi genuen. Hemen badugu zer ikasi eta zer aprobetxatu esperientzia horietatik", dio Irizarrek. 

"Onena" eta "merkeena"

Azaroaren 26ko saiora ez zen guraso larregi agertu; jendetsuagoa izan zen, ordea, otsail amaieran egin zuten bilera. Bilera hartan bi helburu nagusi zehaztu zituzten: haurren kalitatezko elikadura bermatzea eta herriko ekonomia sustatzea.

Guraso elkartekoek ez dute uste "justua" denik Jaurlaritzaren dekretu batek Aramaiori behartzea jangela eredua. Hala, eskatzen dute eredurik ez inposatzea eta baliabide zein laguntza berdinak eskaintzea eredu guztiei. Izan ere, zerbitzua eurek kudeatuz gero, aldea gurasoek ordaindu beharko lukete eta hori, diotenez, "sekulako karga ekonomikoa" da, Aramaioko guraso gehienendako "jasanezina".

Etorkizunera begira talde eragile bat sortu gura dute; gurasoek, baserritarrek eta beste eragileren batek osatuko luke. Izan ere, guraso elkarteak uste du bertako eredua "onena" izateaz gain, "merkeena" ere badela, Jaurlaritzak orain arte izan duen plana aldatzen badu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak