Lehen aldiz antolatu dute, hiru helburu nagusirekin: "Hasteko, euskalkian ia galduta dauden hitz batzuk errekuperatzea eta ezagutzera ematea. Horrez gain, euskararekin lotutako galderak prestatu ditugu eta horrekin euskararen erabileraren gaineko hausnarketa bultzatu gura dugu. Azkenik, joko edo lehiaketa moduan antolatu dugunez, modu dibertigarrian euskarekin jolastea sustatu dugu", adierazi du ginkana antolatu duen batzordeak.
Batzorde hori Txirritola euskara elkarteak, Udaleko euskara batzordeak eta guraso elkarteko kideek osatzen dute.
Harrera ona lehen asteburuan
Ekimena azaroaren 20an jarri zen martxan eta, lehen aste bukaeran bakarrik, 100 lagunek hartu zuten parte: "Espero dugu bigarrenean kopuru hori mantentzea. Lehen aste bukaeran 12 galdera erantzun ziren eta gehien asmatu zituenak hamar erantzun zituen ondo", diote.
Aste bukaera bakoitzean bi galdera egin dira komertzio edo taberna bakoitzean. Akilitaixue zer den, bazkalosteko loalditxoari Aramaion nola deitzen zaion edo herriko euskararen ezagutza zenbatekoa den galdetzen da besteak beste, hiru aukera posible jarriz. Bi galdera horiek erantzun behar dira komertzio edo taberna bakoitzean, behin bakarrik.
Hortaz, gaur, bihar eta etzi aukera egongo da parte hartzeko. Irabazlea izango da 24 galderetatik gehien asmatzen dituena. Antolatzaileen arabera, oraingoz hamar erantzun ditu ondo gehien asmatu duenak. Sariak Euskararen Egunean, abenduak 3, banatuko dira Sastiñan, 18:00etan. Lau sari banatuko dira: bi lagunendako afaria eta sagardoz zein gaztaz osatutako hiru lote.
'Loreak' abenduaren 5ean
Euskararen Egunaren bueltan beste ekintza batzuk ere antolatu dira. Esaterako, Loreak filma ikusteko aukera egongo da abenduaren 5ean kultura etxean (22:30).