Zuzen gabiltza esaten badugu duela 50 urte sortu zela euskara batua?
Euskara batua zer den eta ze izan beharko lukeen argitu beharko genuke lehenik. Euskara batua ez da bat-batean sortzen den zerbait. Hala ere, egin duen bide historikoan data edo une garrantzitsu batzuk daude. 1964ko Baionako bilera abiapuntutzat jo izan dute zenbaitek. Beste batzuentzat deiadar bat-edo izan zen, Euskaltzaindia Arantzazuko bilera ospetsua egitera bultzatu zuen deiadarra. Dena dela, bilera haren nondik norakoak ulertzeko, hainbat gauza hartu behar dira kontuan. 36ko gerrak zeharo zigortu zuen euskal mundua. Kultura alorrean lanean zebiltzan guztiak jazarriak edo pertsegituak izan ziren. Asko espetxeratuak. Beste asko atzerrian babestu ziren. Baina, munduko gerra etortzean, egoera berriak Frantziatik kanpo joan beharra ere ekarri zien askori. Euskaltzainak sakabanatuak eta isilduak izan ziren. Urteak behar izan ziren abiada txikiena hartzeko. Jende gaztea, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi tarteko zela, Euskal Herriak eta, jakina, euskarak pairatzen zuten zapalkuntza egoeraren aurrean bide berrien bila zebilen. Beharrezkotzat jotzen zuten euskara batua edo estandarra euskararen iraupenerako. Hegoaldetik iparraldera joan zirenek barru-barrutik bizi izan zuten bakoitzaren lurraldetik edo eremutik kanpo guztiek ulertzeko moduko euskararen premia. Hori zela eta hasi ziren bilerak-eta egiten elkar ulertzeko euskara mota baten bila. Iparraldean bizi ziren hainbat idazle eta irakasle hilero bilerak egiten hasi ziren 1963-1964 bitartean. Bestalde, Txillardegi sutan jarri zen Jean Haritxelar euskaltzainak bere sarrera hitzaldian (1963) Baigorrin behe nafarreraz hitz egin eta Lafonnek zubereraz erantzun zionean. Ez zitzaion batere egokia iruditu halako ekintza handi batean euskalkia erabiltzea. Horrek argi erakutsi nahi zuen Euskaltzaindiak dialektoen alde egin nahi zuela. Dimisioa aurkeztu zuen. Hor hasi zen lapikoa irakiten. Batuaren aldeko bilerak areagotu eta 1964an, Baionan, abuztuaren 29ko eta 30eko bilera ekarri zuen. Bilera irekia izan omen zen, baina askok ez zuten bertara joateko aukerarik, pasaporterik ez zutelako edo Euskal Herritik urruti bizi zirelako. Dena dela, bilera hartan sarrera-hitzaldia egin zuen Jean Louis Davant jaunak dio bilera hura izan zela haurraren jaiotza eta geroago Arantzazun egin zen bilera ospetsua, bataioa. Baionan abiatutakoak onarpen instituzionala behar zuen. Horixe eskatu zioten Euskaltzaindiari idazleek Ermuko Jardunaldietan (1964ko ekaina). Arantzazuko bileran euskara baturantz urratsak egin ziren: ortografia, h-ren auzia, morfologia... Beraz, abian jarri ziren euskara batu edo estandarrera eramango gintuzten zenbait bide.
Zein garrantzi izan zuen 1964ko batzar ireki hark?
Hartu ziren erabakiek baino garrantzi handiagoa izan zuen aurrera egiteko agertu zuten gogoak. Baionako bileraren urratsik garrantzitsuena bertan bildutakoak euskara batuaren aldeko apustua egin eta Euskaltzaindiari horretan inplikatzeko eskatzea izan zen, baita bertara joandakoek baturako hartzen ziren erabakiak zehatz betetzeko hartutako konpromisoa. Bestalde, sarri ahazten den zerbait esan beharra dut. Gure inguruko hizkuntzetan mendez mende joan dira euren hizkuntza estandarra egiten. Baina, horretarako, estatuaren indarra izan dute. Alemanian, Italian eta, zer esanik ez, Frantzian. Guk euskaldunok ez dugu mendeetan zehar horretarako aukerarik izan. Gehiago, oraindik, ez dugu gure hizkuntza irakaskuntzan eta komunikabideetan erabiltzeko zoririk izan. Beraz, sakabanatuta bizi izan gara, bakoitza geure lurraldean, eta, sarritan, euskalki berekoen artean ere elkar aditu ezinda.
Eta nola hasi zen euskara batuaren zabalkundea edo gizarteratzea?
Ikastola gehienek hasieratik onartu zuten batasunaren bidea, Euskaltzaindiak zortzi urte arteko oinarrizko hiztegi bat ere eratu zuen; Gaueskoletan Metodoak euskara batuan egiten hasi ziren; UEUk garrantzi handia izan zuen, bertaratzen zirenak euskara estandarraren bidean jarri zituelako; euskara batuak erraztasun handiak eskaini zizkien aldizkari eta komunikabide idatziei; hasieratik hiztegiak kaleratzen hasi ziren; tituluak emateko ikastaroak eta administrazioak euskara batua onartzea bultzada handia izan zen (1982).
50 urte geroago, egun, oraindik ere; batez ere, adin batetik gorakoei arrotza egiten zaie euskara batua.
Euskara batua edo estandarra gure hizkuntza nazionala dugu. Euskaldun guztiok, herrialde guztietakook elkarren artean elkar ulertzeko pentsatua. Etorkizunera begira egina izan da. Euskarak gizarteko arlo guztietan lekua izan dezan. Arlo guztiak jorratzeko, haurtzaindegian hasi eta unibertsitateraino. Ez da harritzekoa hainbat gauzatan arrotza egitea. Baina hori askotan gaia bera delako arrotza. Urte oso gutxitan gizarteak izugarrizko aldaketa egin du. Lehen, oso gutxi eskolatzen ziren. Orain, oso gutxi dira eskolatu gabeak. Gure etsaia edo arerioa ez da euskara batua, erdara batua baino. Euskaraz egin ahal izan eta erdaraz egiten dugun bakoitzean euskararen kaltetan dihardugu. Adineko guztiok jarraitu etxeko, auzoko, herriko euskara egiten, hori delako euskara indartzeko beharrezko bidea. Baina zabaldu buruak eta bihotzak euskaldun guztiok hizkuntza bakarrean batzeko egin-bidean den euskara batuari.
Badira ezberdintasunak euskara batuaren onarpen eta ezagutzan ere Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herriaren artean.
Euskara batuak ez dauka egoera bera Euskal Herriko herrialde guztietan. Leku batzuetan ez dauka lekurik irakaskuntzan. Horrek berez dakar leku batean eta bestean ezberdin jokatu beharra. Egun, Iparraldeko berriak telebistaz edo irratiz entzuten ditugunean, lehenago baino askoz hobeto ulertzen ditugu. Lehengoan irratiz ziburutar batek egin zuen berba. Ia dena ulertu nion. Bertako doinuz, batuan egin zuelako.
Euskara batuak elkar ulertzea ekarri duen moduan, euskalkiak esparru batzuetan alboratzea ere eragin du?
Sarritan, nahastu egiten dira euskalkiak eta azpieuskalkiak edo, hainbat kasutan, bazterreko edo txoko berbetak. Euskaraz ezin dugu idatzi: inbikostezuz (egin beharko deustazuz). Esan bai, horrelakoak eta beste laburdura ugari egiten dira, baina ez daude ongi idazteko edo jendaurrean erabiltzeko. Hala ere, euskalki mailako euskara landutik euskara batuko euskarara oso alde gutxi dago. Jendeak ez daki euskara baturako euskalki guztietako berbak onartzen direla. Gero, bakoitzak jakin behar du zein erabili toki bakoitzean. Esaterako, euskara batuan aitajuna, aitona, aitaita, aitatxi eta aitaso onartuta daude. Nik, jakina, Aramaion aitajauna edo orain aitaita erabiliko dut, Tolosan aitona, Iparraldean aitatxi edo aitaso...
Euskaltzaindiak oraindik badu lana...
Gauza asko erabakitzen ditu: zeintzuk diren euskarako berbak, zela idatzi behar diren, zela erabiltzen diren... Batzordeetan edo lantaldeetan lan egiten du: lexikoa, euskalkiak, gramatika, toponimia, eta abar aztertuz. Esaterako, erabaki berri ditu Matematika, fisikako eta astronomiako hitzak: ehunka dira. Hori guztia beharrezkoa da euskarak etorkizunean bizirik irauteko. Oraindik baditu argitu gabeko zenbait gauza; adibidez, ahoskatzea zelan egin. Zein doinu erabili euskaraz egiterakoan. Holakoetan ohitura ezberdinak ditugu Euskal Herrian. Bada zeregina, bai.