Atzo ireki zuten Gure lurra, gure etorkizuna izeneko erakusketa Sastiñan: gaur (17:30-19:30), bihar (11:30-14:00), etzi (11:30-14:00) eta hilaren 11n (17:00) egongo da zabalik.
Erakusketak, antolatzaileen arabera, gaur egungo eredu agro-industrialak sortzen dituen "kalteak" islatzen ditu: "Gizakian zein naturan dituen ondorio kaltegarriak erakusten ditu; gosea, injustizia, kutsadura... Horrez gain, elikadura burujabearen alde munduan dauden borrokak ezagutzeko aukera ere egongo da".
Euskal Herriko esperientziak
Era berean, Bide berriak dokumentalean Euskal Herrian martxan dauden elikadura burujabetzaren aldeko esperientziak "oso era pedagogikoan" adierazten dira: "Protagonisten eskutik bidai bat eginez, eta eguneroko esperientzia eta alternatiben borroketatik, landa mundu justuagoaren, duinagoaren eta jasangarriagoaren alde", diote. Astelehenean ikusi ahalko da Sastiñan, 18:30ean.
Dokumentalaren egilea den Bizilur erakundeko kide bat egongo dela aprobetxatuta, mahai-ingurua egongo da gero.
Etxeko elikadura orekatu guran
Amaitzeko, hilaren 13an, Amaia Diaz de Monasterioguren dietista oñatiarrak Gure etxeko elikadura orekatzen hitzaldia eskainiko du Sastiñan, 19:00etan: "Ekonomatuko lagun batek gomendatu digulako gonbidatu dugu, eta gertukoa izateak ere lagundu du", argitu dute Aramailur taldekoek. Adinaren, sexuaren, lan motaren eta askotariko beharren araberako elikaduraz ariko da aditu oñatiarra, eta garaiko produktuen araberako menua ere izango du hizpide. Saio irekia izango da, galderendako tartearekin.