Peru Abarrategi: "Kirolak direla eta, futbola, saskibaloia... pixkanaka jendeak alde batera uzten dio bertsoak egiteari"

Andoni Muxika 2014ko aza. 1a, 00:00
Peru Abarrategi, Aramaioko bertso eskola kanpoan.

Peru Abarrategi (1997, Aramaio) 5. mailan zegoela hasi zen bertsolaritzan. Geroztik, hainbat sari irabazi ditu; 2013ko eta 2014ko Arabako Bertso Eskolarteko Txapelketak, besteak beste. Aramaioko gazte hau bere herriko bertso eskolan ari da ikasle, eta, horretaz gain, institutuan jarraitzen du, lehentasuna ikasketei emanda. Gainera, Arrasateko futbol taldean jarduteko ere ateratzen du denbora. Jardun horien guztien artean, Goienari tartetxo bat eskaini dio.

Aramaiotik bertsolari handiak irten dira. Bat dator bertsolaria izatea aramaioarra izatearekin?

Bai. Nik uste dut Aramaion betidanik egon dela zaletasuna. Egia esanda, horregatik erakarri ninduen bertsolaritzak. Gainera, txikitatik Aramaioko eskolan bertsotan aritzeko klase bat sortu zutenez, gustura sartu nintzen mundu honetan. 

Gaztea izan arren esperientzia polita duzu dagoeneko bertsolaritzan. Nondik dator bertsolari izateko sentimendu hori?

Ez dakit nondik hartu dudan sentimendu hori. Agian, 5. mailan, bertso klaseak hasi genituenean, orain dela sei-zazpi urte. Hasieran, oso gustura sentitu nintzen. Gainera, zorionez, jende asko apuntatu ginen. Baina urteak pasa ahala, kirolak direla eta, futbola, saskibaloia... pixkanaka jendeak alde batera uzten dio bertsoak egiteari. 

Poliki-poliki bertsolaritza munduan ospea hartzen zoaz, Arabako Eskolarteko Txapelketak irabazi ondoren, batez ere. Nola daramazu hori? Aldaketarik sumatu duzu zure egunerokoan?

Nire egunerokotasunean ez dut sentitu inolako aldaketarik. Berdin-berdin entrenatzen naiz eta lehen egiten nituen gauzak egiten ditut. Oraingoz, ez dut igartzen sari horiek irabazteak ospea eman didanik; oraingoz, behintzat. Beraz, ez diot garrantzi handirik ematen izan ahal dudan ospeari.

Manex Agirre, Idoia Beitia eta halako irakasleekin, asko ikasiko duzu, ezta?

Oso gustura egon naiz haiekin, asko erakutsi didate. Aramaioko bertso eskolan, Idoia Beitia eta Garazi Erizekin hasi nintzen. Ondoren, Xabi Igoa izan zen nire irakaslea, hura izan da urte gehienetan nire irakaslea. Baita ere  Manex Agirre irakasle bezala eduki nuenean. Azken finean, kantatzen dudana haiengatik izan da; izan ere, oso ondo irakatsi didate denek.

Nola entrenatzen da bertsolari bat?

Erritmoak lantzen ditugu, doinu berriak... Horren ondoren, ikasitako guztia praktikatzen dugu. Horrela, gero eta errazago irteten dira bertsoak. Horretarako, astean behin bakarrik elkartzen gara gutxi batzuk Aramaioko bertso eskolan, eta bertan ordubeteko klaseak egiten ditugu. Joan den urtean lau lagun ginen gure bertso eskolan. Izan ere, Aramaion bertso eskola desberdinak daude, taldeka eta adinka banatuta daudenak. Gurean, bereziki, aurten  ez dakit zenbat izango garen, klaseak ez direlako oraindik hasi. 

Horretaz gain, baduzu bestelako zaletasunik?

Bai. Futbola asko gustatzen zait. Arrasateko gazteen taldean nabil.

Nola bateratzen dituzu horrenbeste gauza? Bertsolaritza, ikasketak, futbola...

Ikasketak obligazio bezala ikusten ditut; horrela hartzen ditut, behintzat. Bertsolaritza eta futbola, berriz, denbora-pasa bezala; hau da, zaletasun moduan ikusten ditut.

Etorkizunerako, ze plan dituzu? Gustatuko litzaizuke bertsolaritza ogibide izatea? 

Ez dut uste. Ez dut uste ogibide bezala bertsolaritza izateko aukerarik izango dudanik. Oraingoz, bertsolaritzan jarraitzea gustatuko litzaidake. Poliki-poliki, saiorik saio eta irteten dena. Gustatzen zaidan bitartean bertsolaritzan jarraituko dut.

----------

Pertsonala

Bertsolari gustukoena: Igor Elortza. 

Talde gustukoena: Arkada Social. 

Abeslari gustukoena: Fito & Fitipaldis. 

Toki gustukoena: Aramaio. 

Janari gustukoena: Arrautza frijituak. 

Pelikula gustukoena: Imparable (2010, Tony Scott). 

Amets bat: Futbolari izatea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak