Musika Aramaion bertan ikasteko eskaera "handiari" erantzun guran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 31a, 08:30
Larraitz Arriolabengoa musika klasea ematen.

Musikarako zaletasunak Aramaion harrobi jendetsua duenaren adierazle, 50 bat ikaslek eman dute izena 2014-2015 ikasturtean Larraitz Arriolabengoa irakaslearen klaseetan. San Martin eskolako guraso elkartearen babesarekin iaz hasi zen eskolak ematen, eta aurten ere zerbitzua eskaintzen jarraitzea erabaki du. 

Hala, hastapen klaseetan Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako lehen mailako ikasleak hartzen ditu, 7 urtera artekoak. 

Horrez gain, hizkuntza musikala ere eskaintzen du, iazkoek ikasketekin jarraitzeko aukera izan dezaten. Instrumentu aldetik pianoa, gitarra eta txistua ikasteko aukera dago. San Martin eskolako ikasleez harago, Arrasate Institutuan ikasten dutenetako batzuk ere ikasten dute Arriolabengoarekin: "Berez eskaintza herri osoari dago zabalik, musika ikasketak Aramaion bertan egiteko aukera eskaini gura dugu", dio. 

Lanez gainezka 

Sei talde ditu guztira. Horietako bat DBH mailan diharduten ikasleek osatzen dute, beste hiru hizkuntza musikaleko taldeak dira eta gainerakoak hastapenetakoak.  

Arriolabengoaren kalkuluen arabera, 50 bat ikasle izango ditu ikasturte honetan, urritik ekainera: "Topera nabil. Aurten dagoeneko zailtasun handiak izan ditut ordutegiak egokitzeko. Solfeo nik bakarrik ematen dut eta, beraz, lan handiarekin nabil. Aurtengoa bigarren urtea da eta dagoeneko jendez gainezka nabil; datorren urterako beste bide batzuk hartzea pentsatu beharko dut". 

Musika eskolaren "beharra"

Izan ere, irakasleak uste du herriak musika eskola bat edo antzeko zerbait behar duela: "Ikusten da jendeak zerbitzu hori eskatzen duela. Ez dakit eskola izan behar den edo lokal bat...". Izan ere, Arrasatera jaitsi beharraren edo herrian musika ikasteko aukera izatearen artean "alde handia" dagoela uste du: "Aurten jende gehiagok eman du izena; eta oraingo umeek gerora instrumentu bat hartuko dute", gaineratu du. 

San Martin eskolako musika gelan ematen ditu klase batzuk eta bere etxean beste batzuk. Iaz Udalak musika instrumentu batzuk erosten lagundu zion, gerora begira musika eskolan geratzeko asmoarekin. Hala, Udalak proiektuen artean du lokal bat egokitzearena: "Iaz Udaleko ordezkariekin egon nintzen eta proiektu bat aurkeztu nien. Euren erantzuna oso ona izan zen, proiektua asko gustatu zitzaien. Baina urtebete pasa da eta ez da ezer egin; badakit ni naizela lehen interesatua, eta badut asmoa datorren urtera begira zerbait adosteko Udalarekin. Datorren urtean ikasleei ez diet ezezkorik eman nahi", adierazi du Arriolabengoak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak