Antolakuntzaren ardura handiena hartzen duena, baina, Udala izaten da: "Lan handia izaten da azoka antolatzea, bereziki animalien azokarako baimenak eta tramite guztiak egitea", diote.
Bertako ganadu eta produktuak
Erretiratuei begira prestatutako festa izan arren, herri osoa irteten da kalera. Kanpotik etortzen denak herriko festak direla pentsatuko luke. Azoka izaten da eguneko izarra eta aurten ere 60 postutik gora espero dira Nardeaga kalean barrena. 11:00ak aldera irekiko da, 14:30ak arte.
Batetik, bertako produktuak daude, baserritarrek, herritarrek zein herriko elkarteek jartzen dituztenak. Bertakoen artean 20 postu espero dira, produktuei dagokienez: onddoak, barazkiak, frutak, gazta, eztia eta erleen bestelako produktuak, pastelak, eskulanak, sukalderako erremintak... Zerrenda luzea da oso. Eta, norbanakoez aparte, Gazte Asanbladak –taloak egiten ibiliko dira jo eta ke–, Itur-Zuri Emakume Elkarteak, Trikitxa Elkarteak eta San Martin Eskolako 6. mailako ikasleek euren txokoa izango dute azokan, besteak beste.
Bestetik, bertako ganadurik ez da faltako, Aramaioko 15 baserritarrek animaliak erakutsiko dituztelako parkearen ondoan: astoak, behorrak, ahuntzak... Bertakoez gain, inguruko herrietatik ere hainbat izaten dira Erretiratuen Eguneko azokara etortzen direnak. Kanpoko 32 bat ekoizle izango dira aurten.
Kultur taldeen ekarpen handia
Kultur taldeek ere zeresan handia izango dute bihar. Mezan bertan Bizente Goikoetxea abesbatzak urteroko saioa eskainiko du eta gero Papargorrik ere abestuko du. Ondoren, Lagun Artea dantza taldeak emanaldi berezia eskainiko du San Martin elizaren kanpoaldean.
EGITARAUA
urriak 25, zapatua
11:00-14:30 Herriko produktuen azoka: barazkiak, artisauak, fruituak. Herriko txistulariak eta trikitilariak kalejiran.
12:00 Meza San Martin elizan, Bizente Goikoetxea abesbatzarekin. Ondoren, Papargorri abesbatzaren emanaldia.
13:00 Herriko dantzari eta trikitilarien emanaldia.
14:00 Erretiratuen bazkaria kiroldegian.