Erleen mundu "zirraragarria" bertatik bertara ezagutzen, Aramaioko Aldekoa baserrian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 17a, 11:00

Juan Mari Arriolabengoa Alaiak-ekoei azalpenak ematen.

Aramaioko Uribarri auzoko Aldekoa baserrian eztia nola egiten den ikasi zuten Alaiak erretiratu elkarteko 21 bazkidek eguazten arratsaldean. Juan Mari Arriolabengoak  30 bat urte daramatza erleekin lanean, 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen-eta horiekin lanean: "Gure filosofia da erleen mundu zirraragarria ezagutzera ematea, bisitariei goi mailako eztia dastatzeko aukera emateaz gainera", dio Arriolabengoak.

Bisita gidatua erleen gainean berbetan hasi zuen Arriolabengoak: "Haien bizitza, diziplina, legeak, nola egiten duten lan, nola antolatzen diren... Azalpen luzea bezain didaktikoa izan zen; bertaratu zirenek galdera mordoa egin zuten eta oso solasaldi interesgarria izan genuen", adierazi du Alaiak-eko Cristina Etxenausiak. Gero, eztia nola egiten den  bertatik bertara ezagutu zuten eta, horren ostean, erle-sare batek babestuta, erlez jositako erlauntza bat ezagutu zuten: "Jaiotzeke zeuden erleak nola babesten eta berotzen dituzten ikusi dugu". 

Ikasi ostean, dastatu

Prozesu osoa ezagutu ondoren bi eratako ezti ekologikoa dastatu zuten Uribarriko elkartean, gazta apur batekin lagunduta: "Amaitzeko, inkesta bat osatu genuen eta guztiok, aho batez, puntuaziorik altuena eman genion. Hiru ordu eder igaro genituen Aldekoa baserrian. Erleen munduaren gainean asko ikasi genuen eta baita goi mailako eztia dastatu ere; giroa ezin hobea izan zen. Bide batez, beste erretiratuei gonbidapena egin gura diegu hurrengo baten parte har dezaten", esan du Etxenausiak. 

Arriolabengoak, erretiratuez gain –martitzenean Bergarako 60 erretiraturen bisita izan zuen, umeak ere hartzen ditu bere baserrian: "Udalekutako 5 eta 6 urtetako umeek adi-adi jarraitu zituzten azalpenak, begiak handi-handi zituztela". Bisita gidatu baten izena emateko modurik eraginkorrena da 603 46 99 68 telefono zenbakira deitzea. 

Zarzuelarako sarreren erreserba

Bestalde, azaroaren 29an Arrasateko Amaia antzokian egingo den La rosa del azafran zarzuelarako erreserba egin daitekeela jakinarazi dute Alaiak-ekoek: autobusa eta sarrerak erreserbatzeko 20 euro –bazkide ez direnek 22 euro– ordaindu beharko da elkartearen kontu korronte zenbakian, azaroaren 1a baino lehen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak