"Astiro" baina "eten gabe", aurrera doa Aramaioko biomasa proiektua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 3a, 08:30

Ramon Ajuria alkatea irailean Zaragozan egindako aurkezpenean.

Legealdi honetako Aramaioko Udalaren proiektu estrategikoen artean dago, zalantza barik, biomasa proiektua. Basoetako egur baliabideak erabilita sortutako energiari esker, herriguneko etxeetan ur beroa banatzea da proiektuaren funtsa eta Udala buru-belarri ari da horretarako lanean. Proiektua aurrera doa; hori bai, Udalak gurako zukeena baino astiroago. 

Proiektua aurrera doa, "astiro" baina "etengabe": "Kanpoko diru-laguntzen menpe dago proiektuaren bideragarritasun ekonomikoaren bermea. Proiektua zenbait diru-laguntza lerrotara aurkeztu du Udalak, eta gainerako erakundeekin harremanak sendotu dira, denon artean proiektua bideragarria izateko asmoz. Erakundeendako ere interes handiko proiektua da, gaur egun ez dagoelako halako proiektu integralik estatu mailan". 

Udaleko ordezkariak "itxaropentsu" daude: "Pausoak espero baino astiroago ari gara ematen, beste erakundeen babesa ezinbestekoa baita. Zentzuz eta arduraz jokatzea ezinbestekoa da une honetan", adierazi dute. 

Biomasa batzordea astero elkartzen da

Udaleko ordezkariek, alkatea buru dutela, hainbat irteera egin dituzte azken hilabeteotan; azken irteera Zaragozakoa izan zen: "Energiaren inguruko hainbat adituk hartu zuten parte, eta oso jardunaldi aberasgarria izan zen. Estatu mailan garatuko diren bi proiektu aurkeztu ziren: Vilafranca del Penedés-eko proiektua –Vinyes per calor–, eta Aramaioko burujabetza energetikoa lortzeko proiektua".

Era berean, hainbatek erakutsi dute interesa Aramaioko proiektuarekiko. Egun Biomasa Batzordea ari da gaia lantzen; ordezkari politikoek, teknikariek eta herritar talde batek osatzen dute eta martitzenetan elkartzen dira: "Askotariko jendea dago: ingeniariak, baso kudeaketan adituak... Aberasgarria da, ikuspuntu eta sentsibilitate ezberdinak biltzen ditu-eta". 

Bestalde, herritarren inplikazioa ezinbestekotzat dutenez, sentsibilizazio kanpaina abiatuko dute laster; askotariko ekintzak aurreikusi dituzte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak