Genero indarkeria artilez borrokatzeko ekimena Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 26a, 09:00

Lehen bileraren ostean talde argazkia atera zuten erretiratuen elkartearen atarian.

Urrun dago azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Azken urteetan puntu morea banatu izan du Aramaioko Udalak eta egun berean egiten den elkarretaratzean jende askotxo elkartu izan da. Hala ere, aurten sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute Aramaioko Udalak, Itur-Zuri Emakumeen Kultur Elkarteak eta Alaiak erretiratu elkarteak, indarkeria sexista gizartetik ezabatzeko asmoz.

Kultura etxearen aurrealdeko parkean hiru zuhaitz forratuko dituzte, artilez. Gurutze-puntua edo kakorratza erabilita egingo dute eta kolore moreaz gain, beste kolore batzuk ere erabiliko dituzte. Atzo iluntzean egin zuten bigarren bilera eta taldetan banatu ziren; orain, lantalde bakoitzak erabakiko du nola forratuko duen bere zuhaitza. Astero elkartuko dira erretiratuen egoitzan, eta materiala Udalak jarriko du. 

Jende asko, eta askotarikoa 

Udaleko berdintasun zinegotzi Edurne Uribarren-Iturrieta pozik agertu zen lehen bileraren ostean: "Puntu morea banatzen hasi ginen, elkarretaratzea egiten, pelikulak ere jarri ditugu... Eta aurten zuhaitzak forratzea erabaki dugu. Oso pozik gaude lehen bilerarekin. Jende asko bildu zen, eta askotarikoa; 16 urteko gazte batetik hasita 90 urte baino gehiago dituen emakume batera arte. Oso ekimen aberatsa izan daiteke, polita izango da eta salaketa bistaratuko du".  

Elkartu, lotu eta salatu

Uribarren-Iturrietak gaineratu du Oletako Briska Emakume Taldeak ere bat egin duela ekimenarekin eta Oletako zuhaitz bat forratuko dutela. Beraz, azaroaren 25ean bertan elkartuko dira artilez egindako artelan guztiak zuhaitzei lotzeko. Bertan utziko dituzte, asmoa delako salaketa herrian presente egotea ahalik eta luzaroen.  

Itur-Zuri Emakumeen Kultur Elkarteko Aintzane Telleriartek ere ilusioz hartu du ekimena: "Oso ondo ikusten dut; Interneten ikusi genuen eta oso ekintza polita da. Lehen bileran jende asko bildu zen eta beste batzuk bat egingo dute aurrerago. Hurrengo bileran adostuko dugu nola gauzatuko dugun lana, taldetan banatuta". 

Denok batera, "ilusioz"

Era berean, Alaiak erretiratu elkarteko Cristina Etxenausiak modu "oso positiboan" baloratu du proposamena: "Adin eta ikuspuntu ezberdineko emakumeak elkartzeko modu bat da eta denok batera zerbait egitea, ilusioz. Gainera, adineko emakumeen ikuspuntutik begiratuta, ekintza berri bat da eurendako, emakume gazteagoekin proiektu interesgarri baten parte hartzeko aukera ederra". 

Horrez gain, Etxenausiak lan egiteko modua zein izango den ere azaldu du: "Zuhaitz bakoitzeko talde bat sortu dugu eta talde bakoitzak erabakiko du gurutze-puntua edo kakorratza, zein kolore erabili. Garrantzitsua izango da astero elkartzea, etxean egiten den lana kontrolatzeko eta ideiak komunean jartzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak