Jose Mari Velez de Mendizabal: "Beti pentsatu izan dut oso euskaldun atipikoa naizela"

Maialen Torres 2014ko ira. 24a, 00:00
Jose Mari Velez de Mendizabal.

Urte luzez enpresa kudeaketa eta zuzendaritzan egin zuen lan Jose Mari Velez de Mendizabalek (Aramaio, 1949), baina tartean beste hainbat alorretan ere aritu da, batez ere hain gogoko duen kultura dibulgazioan. Liburu ugariren idazle da, baita kontaezinezko artikuluen egile ere.

Jose Mari Velez de Mendizabal zelakoa da?

Pertsona arrunta naizela esango nuke, 23 urterekin lanean hasi zena. Urte asko eskaini dizkiot nire grina izan den kultura dibulgazioari, baina ni zerbait izan banaiz, enpresaria izan naiz, lanbidez horixe egin dudalako.

Zein harreman daukazu sukaldearekin?

Errespetua diot sukaldeari. Hala ere, ez naiz oso zalea, ezta edari zalea ere. Horregatik, beti pentsatu izan dut oso euskaldun atipikoa naizela.

Zein da zure espezialitatea?

Paellagile ontzat dut neure burua. Urtean lau bazkari egiten ditut hamabosna lagunekin eta kritika onak jasotzen ditut.

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Berak nahi duenera, aukeratzen utziko nioke.

Eta etsairik handiena zertara?

Etsaia lagun bihurtzeko aukerarik balego, paella on batera, bestela, ezertara ez.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan esertzea?

Ez naiz oso bazkari eta afari zalea, baina egitekotan, gertuko lagunekin egingo nuke, lasai hitz egiteko aukera izaten dugulako.

Kultura dibulgatzaile izateak zer eman dizu?

Satisfazio asko eman dizkit. Duela 15 urte Aramaioko seme kuttun izendatu izanak harrotasunez bete ninduen, eta zer esanik ez jasotzera noan Urrezko Zeledoi sariak, Aramaioko giza talde batek nire hautagaitza aurkeztu duelako. Errekonozimendua da niretzat, zerbait ondo egin izanaren erakuslea. 

Eta zer kendu dizu?

42 urtez eskaini diot nire denbora librea kultura dibulgatzeari, eta gustura aritu izan naiz, baina sakrifizioak ere egin ditut. Hala ere, familiak beti eman izan dit babesa eta haiei esker izan dut aukera gustuko nuena egiteko. Horregatik, zordun natzaie.

Etorkizunean, zer?

Kultura dibulgatzen jarraituko dut ahal dudan artean.

Iratxoek hiru desio eskatzeko aukera eman dizute...

Osasuna, osasuna eta osasuna. Bizitzak heriotzara garamatza, baina momentu hori iritsi arte osasuntsu egon nahi nuke.

Zure bizitzako anekdota bat?

Asko ditut, lanagatik hara eta hona bidaiatzea tokatu baitzait. Bosnian gerra piztu zenean, esaterako, hantxe nintzen sarrailak saltzen.

Damu zara..

Ez dut damurik. Bide bat aukeratzean besteari uko egin behar zaio, baina horrelakoa da bizitza. Damutzekotan garaiz damutu beharra dagoela uste dut, aldatzeko aukera den artean.

Zer errepikatuko zenuke?

Egoera sozio-ekonomiko berdinetan berriz jaioko banintz, bizitza bera aukeratuko nuke. Balizko askatasunaren paradisuan jaio izan banintz, berriz, auskalo zein bide hartuko nukeen!

Zerk beldurtzen zaitu?

Heriotzara osasunik gabe iristeak. Bizitza duina bezain garrantzitsua da heriotza duina.

Nora egingo zenuke ospa?

Munduan zehar asko ibilitakoa naiz, eta, leku asko ezagutu ondoren ere, gusturen egoten naizen tokia Ullibarri-Ganboako etxea da. Nire babeslekua da eta paradisuan bezala sentitzen naiz han.

Ze aholku konpartituko zenuke?

Ez dut sekula aholkurik ematen. Kasu bakoitzean zer egingo nukeen esaten dut, baina erabakiak norberak hartu behar ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak