Txirritola: "Elkarteak estrategia berriak behar ditu bizirik irauteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 19a, 09:00
Txirritola elkarteko zuzendaritza taldeko Igor Sanjuan, Iker Saizar, Maite Del Rey eta Olga Parra, Txirritola Eguna iragartzen.

Txirritola Egunaren 11. edizioa ospatuko da domekan Aramaion, hiru helburu argirekin: "Elkartea ikustaraztea, bazkidetza kanpaina egitea eta euskararen inguruan festa bat antolatzea". Bertako 11 sagardogile egongo dira aurten eta txotxa herriko "sukaldari preziatuek" egingo dute, 12:00etan. 

Ospakizun egunari trikitilariek emango diote hasiera (11:30). Gero, 12:00etan, txotx irekiera egingo dute Txirritola Eguneko "sukaldari preziatuek"; Santi Elejalde, Mikel Arantzabal eta Gema Arriolabengoa izango dira omenduak: "Halako ekitaldietan beti daude ezkutuan lan egiten duten pertsonak, kasu honetan lurrun eta ke artean. Hainbat larrialditatik ateratzen gaituzte eta eurek gabe ez genituzke jango horren goxoak diren talo eta pintxoak. Aurten, momentutxo batez bada ere, sukaldetik aterako ditugu guztien aurrean txotx ofiziala egin dezaten", adierazi dute elkarteko zuzendaritza taldekoek. Txotxaren ostean, bertako askotariko sagardoak, taloak eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Era berean, elkarteko bazkide egiteko aukera ere egongo da. 

Erabilera zaindu beharra 

Elkarteari berari dagokionez, zuzendaritza taldekoek adierazi dute beste edozein elkartetan moduan igarri dutela beheraldia: "Bazkidetzak behera egin du, antolatzen ditugun jardueretarako parte-hartzea ez da oso handia eta zuzendaritza talderako kideak lortzea ez da erraza izaten". Elkarteak aldaketa behar duela uste dute: "Garai ezberdinak dira eta estrategia berriak behar ditugu. Horregatik, Aramaion euskararen diagnosi batetik abiatuz planteamendu berriak egin beharrean gaude euskara elkarteak bizirik iraun gura badu". 

Era berean, Aramaio Arabako herri euskaldunena izan arren kaleko erabilera zaindu beharreko zerbait dela adierazi dute: "Adin txikiko askok gaztelerarako joera izugarria dute, eskolatik kalera hizkuntza aldatzen dute. Hori helduengan ere ikusi dugu eta arduratzen gaituen gaia da. Euskararekin jendea lasaitu egin dela sumatu dugu". 

Albiste pozgarririk badago, hala ere: "Poztekoa da askotariko jatorriko pertsonak euskarazko ikastaroengatik adierazten duten interesa. Askotan, familietako nagusiek euskara ikasteko beharra sentitzen dute, kasu askotan kultura hobeto ulertu edo euren seme-alabei laguntzeko. Kasu horietarako ahalegin berezi bat egitea komeni zaigu", uste dute Txirritolakoek.  

Txirritola Eguna, errotutako jaia

Antolatzaileak uztailean hasten dira festa berezia prestatzen. Sagardogileekin egon eta zenbat etorriko diren zehaztu ostean –"euren parte-hartzea ezinbestekoa da", diote–, Udaleko ordezkariekin koordinatzen dituzte baliabideak, eta herritarren parte hartzerik ere ez da falta izaten: "Egun honetarako ez dugu arazorik izaten jendea gertu egoten delako. Bertso eskolakoak eta trikitilariak ere gonbidatzen ditugu". Hortaz, ez dago zalantzarik Txirritola Eguna herrian errotuta dagoen jaia dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak