Cristina Etxenausia: "Andra Mariko Ama Birjinarekiko debozio handia dago Aramaion, baita gaur egun ere"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 12a, 09:00

Cristina Etxenausia, Andra Mariko Ibabe kofradiako presidentea.

Ez dago ondo zehazterik noiz jaio zen Ibabeko Kofradia. XVI mendean egon liteke haren sorrera, izan ere, 1562ko testamentu baten anaidiaren gaineko lehen erreferentzia idatzia dago. Aramaion bizirik geratzen den kofradia bakarra da, Andra Mari ermitan gurtzen den birjinarekiko egon den eta dagoen debozio handiaren erakusle. Cristina Etxenausia da egungo presidentea, lehen emakumezkoa. Domekako ospakizunaz eta kofradiaren egungo egoeraz egin dugu berba harekin: "Kofradia herrian gehiago zabaltzea izango da erronketako bat", dio.

Nola heldu zinen kofradiako presidente izatera?

Presidente izatea proposatu zidaten, beste barik. Neurri baten ezezkoa ematen ez dakidalako eta kofradiako emakumezko lehen presidentea izateko aukera nuelako, onartu egin nuen. 

Zer prestatu duzue etzirako? Badago nobedaderik aurtengoan?

Hasteko, 11:00etan salda banatuko dugu eta 12:30ean aurten hildako kofradiakideen aldeko meza egingo dugu. Aurten bi hil dira. Ondoren, 13:45ean, batzar nagusia egingo dugu eta 14:30ean, amaitzeko, 70 anaikiderendako bazkaria [134 kide dira egun]. 

Nobedade moduan, katering enpresa bat ekarri baino garai bateko bazkaria berreskuratuko dugu. Hau da, paella, biribilkiak eta moskatel mahatsa jango dugu; noski, bazkaria bertako produktuekin egindakoa izango da.

Ze helbururekin sortu zen? Eta egun ze betebehar dituzue?

1846ra arte Hijosdalgo titulu noblea frogatzen zutenak bakarrik sar zitezkeen kofradian. Andra Mariko Ama Birjinaren  bidez Jainkoa gurtzeaz aparte, ermita eta haren ingurua zaintzea izan da arduretako bat. Gainera, hiltzen ziren anaikideak ehorzteko zerbitzua ere eskaintzen zen.  Egungo ekintza aipagarriena, baina, iraileko bigarren domekako ospakizuna da. Ama Birjinaren eguna irailaren 8an ospatzen da, baina lehen domekan Marixekako ermitako jaia dagoenez, iraileko bigarren domekara pasa zen. 

Andra Mariko Ama Birjinarekiko debozio handia dago gaur egun ere; herritar askok loreak eta kandelak ekartzen dizkiote.

Harremanik baduzue Udalarekin?

Harreman zuzenik ez, baina lursaila utzita dugu erabilera publikoa izan dezan. Udalak, aldi berean, hitzarmena du Diputazioarekin gunearen mantenuaz ardura dadin. Presidente moduan gustatuko litzaidake Udalarekin eta Diputazioarekin akordio batera iristea protokolo bat zehazteko. Protokolo horrek erabilera publikotik eratorritako gastuak nork ordaindu behar dituen zehaztuko luke. Izan ere, kontu hori ez dago araututa. Horrez gain, kofradia herrian gehiago zabaltzea da beste helburu bat, hots, belaunaldi aldaketa bermatzea.

Zerbait gaineratzerik nahi?

Josemari Velez de Mendizabal anaidiaren gaineko liburu bat ari da prestatzen eta hainbat bitxikeria jasoko ditu. Hori albiste oso pozgarria da guretako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak