Biomasa ereduak ezagutzen, Aramaion ezarri aurretik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 25a, 12:39

Aramaioko Udalak biomasa proiektuarekin jarraitzen du, etorkizuneko energia iturria izan dadin. Martitzenero udaletxean elkartzen den Biomasa Batzordeak instalakuntzak bisitatzen ari da, esperientziak trukatu eta Aramaion ezarri aurretik ahalik eta informazioa zehatzena izateko. Azken bisita uztailaren 18an egin zuten, Soriara.

Biomasa Batzordea Udaleko ordezkariek, Aramaioko Argindar Banatzaileak eta herritarrek osatzen dute; Udaletik joan ziren Ramon Ajuria alkatea, mendietako zinegotzi Martin Ibabe, ingurumen teknikaria, aparejadorea, Aramaio Basarri Barri egitasmoko ordezkari Aitor Larrañaga, Aramaioko Argindar Banatzailearen teknikaria eta udal idazkari Eñaut Azkoaga.

Olvegan martxan duten District Heating instalakuntza bat ikustera joan ziren, egurrezko ezpalarekin berotutako ura garraiatzeko sarea bertatik bertara ezagutzera: "Instalakuntza horrekin Olvegako hainbat eraikin publiko, ikastetxe, enpresa eta zenbait etxebizitza pribatu ur beroaz hornitzen dira egun. Bertako instalakuntza kudeatzen duen enpresako teknikari batek euren esperientzia eta aspektu teknikoak azaldu zizkigun", adierazi dute.

Bertan bederatzi megavatioko potentzia dute, hiru megavatioko galdaratan banatuta. Gero, eraikitzen ari diren beste instalakuntza bat bisitatu zuten, hiriburuan. Azaldu dutenez, planta berri horrek 14 megavatioko potentzia izango du eta eraikin publikoez gain, etxe pribatu batzuk ere hornituko ditu.

Bateragarriak diren ondorioak

Izan ere, bisitaren helburua izan da dagoeneko martxan dauden instalakuntzetatik ikastea: "Beste gune batzuetan arrakastatsuak diren esperientzietatik ikasi gura dugu, ikasitakoa etorkizunean Aramaioko proiektuan aplikatu ahal izateko".
Bisitarekin pozik geratu ziren: "Oso aberasgarria izan zen. Halako proiektu bat martxan jarri aurretik, beste esperientzia arrakastatsu batzuk ikustea ondo datorkigu, eurek izandako oztopo edo akatsak ekiditen saiatzeko. Bide batez, gure proiektuarekin bateragarriak izan daitezkeen ondorioak atera ahal ditugu".

Potentzia, alde nabarmenena

Olvegako proiektua eta Aramaion ezarri gura dena ez dira berdinak, baina "lotura handiak" dituzte: "Olvegako planta hornitzeko bertako edo inguruetako egurra erabiltzen dute. Horrek lotura handia dauka gurean martxan jarri gura den proiektuarekin, energia berritzaile eta jasangarria kontsumitzeaz aparte bertako egur baliabideak erabiltzea delako asmoa".

Potentzia da alde nabarmenena; Sorian eskaria askoz handiagoa da: "Han kontsumoa askoz altuagoa da, baina halako potentzia izateko lekua ez da handia. Bestalde, oraindik obretan dagoen instalakuntzan hilabete bakar baten egindako aurrerapena itzela izan da. Lan nekeza egin dute, besteak beste, bezeroak lotzen eta Udalaren baimenak lortzen. Baina hil bakar baten horrenbeste aurreratu izanak arreta deitu zigun". Irailean hasiko da herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak