Hori bai, gaurkoa egon berezia izango denik ezin ukatu: "Berezia eta polita izango da gaurkoa. Izan ere, udaletxeko balkoira igoko dira taldea sortu zuten hiru guraso sortzaileak eta lehengo zein oraingo irakasleak. Ni ere bertan egongo naiz, zuzendaritzan nagoelako", adierazi du azken urteetan diruzaina izan den Yoli Sillerok –datorren urtean beste batengan utziko du kargua. Gaur balkoian egongo direnen artean daude Rosi Kortabarria, Angel Mari Lopez de Bergara eta Juan Luis Nafarrate; Gurutze Uribarren irakasle ohia ere bertan egongo da.
Beti laguntzeko gertu
Triki Kalejira taldean, ikasleei dagokienez, 18 trikitilari eta 12 pandero-jotzaile daude gaur egun: "Hainbat kide gara taldean, osasuntsu gaude. Ikasleek iniziatiba handia dute eta proposatzen dutena kontuan hartzen da. Taldea ondo doa, gero eta hobeto. Giro eder honekin jarrai dezagula!".
Trikitixa taldeak parte hartzen duen ekintzen zerrenda luzea da. Sagardo denboraldian zapatu eta domeketan bazkalosteak alaitzen aritzen dira Iturrieta sagardotegian. Herriko jai nagusietan –aurten protagonismo bereziarekin, gainera– jotzeaz aparte, Aratusteetan kalejira egiten dute eta trikitilarien topaketa guztietara joateko ohitura dute: "Oso aktiboak gara. Beste kultura talderen batek edozer gauza proposatzen dutela, normalean prest agertzen gara laguntzeko". Prestutasun horren emaitza da, besteak beste, azken bi urteetan egin dute Santa Agedako ospakizun berezia; trikitilariak, bertsolariak eta Bizente Goikoetxea abesbatzakoek bultzada nabarmena eman diote Santa Ageda batzeari, talde guztiak eskutik helduta: "Oso ondo egon zen", gogoratzen du Sillerok.
Pregoia nork irakurriko du?
Pregoia nork irakurriko duen ez dute erabaki oraindik: "Ez dugu erabaki nork hartuko duen hitza. Oso motza izango da, hori bai. Ni ez naiz ausartzen... Gainera, azkena naiz hori egiteko. Sortzaileren batek irakurri beharko du...", adierazi du lotsati Sillerok.