Alfonso Del Campo, Aramaioko Pilota Elkartea: "Zaletasuna piztea lortzen badugu etorriko dira emaitzak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 30a, 13:43
Alfonso Del Campo

Bilbon jaioa, Arrasaten 25 urte eta Aramaion beste 30 bat egin ditu Alfonso Del Campok (Bilbo, 1958). 2008. urte inguruan erabaki zuten Aramaion pilota taldea sortzea. Elkartearen helburua argi azaldu du: "Herrian mugimendua sortu gura dugu, ez gara emaitzekin itsutuko".

Noiz eta nola sortu zen Aramaio Pilota Elkartea?
2007ko maiatza edo ekainean, Artea, Dima eta Otxandioko taldeekin batera gonbidatu gintuzten txapelketa batera. Hurrengo denboraldian jende gehiago hasi ginen elkartzen eta 2007-2008 edo 2008-2009 denboraldian federatu ginen. Ordutik Araban jokatu izan dugu, eskolarteko txapelketan. Baina Araba txikia da, hau da, pilotari on batek ezin du asko aurreratu Arabara bakarrik mugatzen bada. Horregatik asko mugitzen gara; Lizarrara, Zornotzara, Olaztira, Zizurrera, Amurriora...

Zenbat pilotari dituzue?
Egun 30 pilotari ditugu, eta orain guztiak dira mutilak. Neskaren bat egon izan da, baina orain ez. Hasi eta gutxira 30 pilotari inguruk eman zuten izena eta ordutik kopurua mantendu dugu; Aramaio baterako kopuru ona dela esango nuke. Bost talde ditugu: pre-benjaminak, benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak. Era berean, pilotari bat dugu gazte mailan: Oihan Bideburu. Aurten ez da ondo ibili lesioekin ibili delako, baina iaz Arabako txapelduna izatea lortu zuen.

Lorpen handia al da hori?
Ondo dago. Hala ere, ez gara emaitzekin itsutzen. Mugimendua sortu gura dugu, neska-mutikoen artean pilotarako zaletasuna piztu. Herrian pilota-giroa sortu gura dugu, eta pilotariren bat ona datorrela ikusi ezkero, irteera ematen lagundu.

Zenbat entrenatzaile dituzue? Gustura ari zarete eurekin?
Bi begirale edo entrenatzaile ditugu, Ander Axpe eta Mikel Arriolabengoa. Pilotari eta orokorrean kirolari oso lotuak daude biak eta gazteak dira, bertakoak. Gustura gabiltza. Gura duguna da entrenamenduak gaztetxoendako erakargarriak izatea eta begiraleak ere gustura ibiltzea. Era berean, gurasoak inplikatzea ondo legoke, ez daitezela bakarrik euren semea ikustera etorri. Baina guretako garrantzitsuena da gaztetxoak pilotalekuan gustura ibiltzea; hori badago, etorriko dira emaitzak.

Nolako harremana duzue Udalarekin? Kexarik ba al duzue?
Harreman nahiko estua dugu. Diru-laguntzarik ez zaigu falta, eta hori eskertzekoa da. Era berean, kiroldegia eskatzen dugunean beti uzten digute. Urte batzuk gaizki pasa ditugu baina duela bi edo hiru urtetik hona hobetu egin dira gauzak. Partiduetara ez da sekula zinegotzirik etorri, baina ezin gara kexatu.

Nola antolatzen dituzue entrenamenduak?
San Martin eskolako egutegiaren arabera antolatzen ditugu, eta kiroldegian elkartzen gara. Hala ere, denboraldia ez da amaitu; hobetu eta aurrera egin gura duen pilotaria ezin daiteke bi hilabete eta erdi geldi egon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak