Manex Agirre: "Bertsolaritza bizimoduaren ispilu da eta gu mahai inguruan elkartzen gara"

Mirari Altube Arrese 2014ko eka. 25a, 00:00
Manex Agirre bertsotan.

Debagoieneko bertsolari ezagunena da Manex Agirre (Aramaio, 1982), nahiz eta aurten gutxiago ikusiko dugun bertsotan, eszedentzia hartu duelako. Euskara teknikaria da, eta Gasteizen bizi ostean Aramaion da bueltan.

Zelakoa da Manex Agirre?

Hori galdera korapilatsua. Gertukoa, esango nuke; eta pazientzia handikoa ere bai, baina galdutakoan nahiko jasanezina.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Etxean neuk dut sukaldeko ardura, baina filigrana handirik egiteko astirik ez. Hala eta guztiz, gustuko ditut sukalde kontuak.

Zure espezialitatea sukaldean?

Patata-tortilla.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?

Gonbidapenik onenak mahai baten bueltan esertzeko izaten dira; lehenengo afari on batera eta gero kontzertu batera.

Eta etsairik handiena zertara?

Mahai baten bueltan esertzera hura ere; seguru asko, ostiaka bukatuko genuke, baina, behintzat, argi utzi kontuak.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Konfiantza ematen duen baten batekin. Hortaz, aspaldi ikusi bako lagun zaharren batekin elkartuko nintzateke gustura.

Bertsolariak eta bazkari-afariak, bikote banaezina?

Gure bizimoduaren ispilu da bertsolaritza eta guk zorte hori dugu, mahaiaren bueltan elkartzen garela. Dena den, bertsolaritzak aurpegi asko ditu eta bat da hori.

Zergatik bertsolaria?

Orain dela hamar urte beste zerbait esango nuen, baina orain komunitate oso aktibo baten parte sentitzen naizelako, Arabako bertsolariak eta bertsozaleak. Eta jendearekin komunikazio zuzena lortzea oso gustuko dudalako.

Bertsolari izena noiz da karga?

Hiruzpalau saio ez doazenean ondo, publikoarekin ez denean harreman sanoa lortzen: inertziaz jokatzen duenean norberak; inertziaz publikoak… Eta jendeak 24 orduko bertsolari moduan ikusten zaituenean ere bai. 

Bertsolariak badaki ezetz esaten?

Asko kostatu zait hori ikastea, baina bai. Urteak aurrera, argiago ikusten dira kontuak.

Semeak ez du bertsoen gaineko ezer jakin gura…

Ezer jakin gura ez badu, kezka puntua sortuko zait, bertsolaritza estimatzen erakutsi ez diodalako. Baina interes falta badu, ez nau batere kezkatuko. Gainera, hain urrun ikusten dut hori… 

Gustuko ez duzunik bertsolaritzan?

Inertzia, bai bertsolarien, bai bertsozaleen aldetik; erru konpartitua dago. Askotan, kosta egiten zaigu bertsotan txarto egin eta hori onartzea, eta, era berean, beste bati esatea: "Ez zaude punturik onenean". Berrikuntza gehiago, gauzak aldatzeko proposamen gehiago egon beharko lirateke.

Gasteiz ala Aramaio?

Biak.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Gura dudana egiteko denbora eta askatasuna; eta luze eta ondo bizi izatea. Bi horiekin konforme.

Zure bizitzako anekdota bat.

Gasteizen bertso eskolan hasi ginenean, bertsozale sutsuak ginenean, tabernetan elkartu eta bertsotan egiten genuelako izan ginen ezagunak. Musika topera egon arren, bospasei elkartu, burua jaitsi eta bertsotan hasten ginen. "Ze zoro kuadrilla dira hauek", zioten… 

Bertsolaritzan jarraitzeko zer da ezinbestekoa?

Gogoa eta dedikazioa. Eta asmatzen ez duzunean sinistea hurrengoan buelta emango diozula.

Damu zara…

Bertso saio batzuei baietz esan izanaz, hasieratik ikusita ez zirela ondo aterako. 

Zer errepikatuko zenuke?

Orain, momentuan, saio on bat.

Zerk beldurtzen zaitu?

Aparteko ezerk.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Ez dut denborarik sofarako. Bazkaldu eta umearekin martxa.

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Berlinera.

Ze aholku konpartituko zenuke?

Ezer ez dela derrigorrezkoa, eta denbora aprobetxatzeko.

----------

Aukeran...

Lehen platera: Txirlak marinel-erara. 

Bigarrena: Lupia laban. 

Postrea: Txokolatezko tarta. 

Edatekoa: Errioxako ardo zuria. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak