Bidez Bide proiektua, Aramaioko ondarea zaindu eta ezagutzera emateko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 13a, 09:30

Herritar talde bat Tellerixen bidean barrena, maiatzaren 11n inauguratu zenean.
Aspaldikoa da Bidez Bide proiektua, aurreko legealdiko korporazioa hasita zegoen gaia lantzen. Labur esateko, Aramaioko bailaran dauden bide zaharrei beste erabilera bat eman gura diete.

"Egun erabiltzen ez diren bide zaharrak aprobetxatuz ibilbide ludiko eta kultural bat saretzea da asmoa", adierazi du ingurumen zinegotzi Idoia Beitiak. Ibilbide sarea diseinatu, egokitu eta ezagutzera ematea dira proiektuaren ardatzak.
Natura 2000 sarearen baitan dauden eremuak, aparteko zuhaitzak, osasun egoera onean dauden baso eta errekastoak, mendizerrak eta bestelako natura interesezko guneak lotzea gura dute.

Horretarako lehen interbentzio bat egin zuten apiril amaieran; auzolanean Tellerixen bidea seinaleztatzen aritu ziren. Kiroldegian hasi eta bukatzen da ibilbidea eta hiru kilometro ingurukoa da; ezagutu gura duenak seinaleak jarraitu besterik ez du egin behar.

Auzolanean, eta "poliki"

Baina nondik sortzen da Bidez Bide proiektuaren ideia? Beitiaren arabera proiektuaren "aita" den Alex Mendikutek honela azaldu du: "Jendeak ezagutzen ez dituen ibilbideak erabiltzera gonbidatzea da gura duguna, bide horiei indarra ematea. Hasieran egokitu gura genuen ibilbidea ezin izan genuen gauzatu arazo batzuk izan genituelako, eta horregatik Tellerixen ibilbideari eutsi genion. Bide hori izan da lehena, baina ez da azkena izango". Izan ere, asmoa da poliki-poliki joatea, auzolanean betiere: "Faseka joan gura dugu, auzolanean, eta herritarren proposamenei zabalik. Gogoratzen dut 80 urte baino gehiago zituen pertsona batekin egon ginela eta ezagutzen ez genuen informazio mordoa eman zigula", azaldu du Beitiak.

Auzolana da proiektuaren oinarrietako bat eta, era berean, lan egiteko modu horrek bizirik dirauenaren beste adierazle bat ere bada: "Herritar talde bat inplikatu da, eta eskertzekoa da hori". Orain arte 5.000 euro inguru bideratu dira proiektura; horren ia %80a diru-laguntzen bidez jaso da.

Berreskuratu eta ezagutarazi

Maiatzaren 11n inauguratu zen Tellerixen ibilbidea, Amillena turismo elkartearen eskutik: "Elkartea sortzen ari da oraindik; ondarea babestearekin bat egiten dugu eta gure lan garrantzitsuena da hori guztia ezagutzera ematea, bertako zein kanpoko herritarrendako", adierazi du elkarteko kide Jone Arriolabengoak.

Ibilbidearen inaugurazioan 15 bat lagunek hartu zuten parte eta ederto ibili ziren Amillena elkarteko kideek eman zizkieten azalpenak entzuten; Aramaioko historia zein istorioak ezagutzera eman gura dituzte, halako ibilbide gidatuekin zein bestelako ekintzen bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak