'Galderak' antzezlana estreinatu du Doke antzerki taldeak Aramaion, maila oso ona erakutsiz

Miren Arregi Amasorrain 2014ko eka. 1a, 13:50

Bakarrizketaren formatua ere ongi defendatzen dutela erakutsi dute Doke Antzerki taldekoek Aramaion egindako 'Galderak' antzezlanaren estreinaldian. Arrasateko antzerki taldeak 10. urteurrena ospatzen diharduen honetan estreinatu du euren bosgarren lana. Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzi eta Itziar Rekaldek zuzendutako lanak, eguneroko galdera transzendental zein absurdoak ditu oinarrian.

"Bakarrizketarena formato berria da guretzat", dio Jose Mari Velez de Mendizabalek aurkezteko moduagatik galdetuta: "Hurbiltasuna sortzen du publikoarekiko. Horrek bi gauza sor ditzake: nolabait esateko, hegan egiteko plataforma bat eta plataforma horretatik zuzenean amildegira erortzeko arriskua ere bai. Bakarrizketarena arrisku bat da, baina  hartu behar genuen arrisku bat, izan ere, dagoeneko hamar urte dira eta demostratu behar genuen gai garela holako testu bat eta holako dramaturgia bat behar bezala antzezteko", gaineratu du.

Giro goxoa sortu zen atzo Aramaioko kultur etxean Doke taldearen Galderak antzezlanaren estreinaldian. Ikusleak harrera beroa egin zion umorez eta paradoxaz beterik datorren antzezlan berriari. Bakarrizketa eran, jaiotzen garenetik heriotzera arte gure buruari egiten dizkiogun galderak eta ingurukoek guri edo guk eurei egiten dizkiegunak dira antzezlanaren abiapuntua. Horrela dio obraren idazle eta taldeko kide Jose Mari Velez de Mendizabalek gaiaren gainean galdetuta: "Nahiko hausnarketa pertsonala da. Galderak dira, gure buruari bizitzan zehar egiten dizkiogun galderak"."Itziar Rekalde zuzendariari pasatu nizkion hiru testu zati. Nire harridurarako, aukeratu zituen antzerkiarekin zerikusi gutxien zuen obra", gaineratu du.

Eszenatokia soil, soilik ahulki bat lagun zutela egin zuten antzezleek euren zatia. Indartsu hasi zuten obra. Guztiak batera dantzan, ikusleari une gozagarri bat eskainiz. Bakarkako antzezpenekin egin zuten aurrera, kasu batzuetan narratzailearen figura lagun zutela eta beste batzuetan bigarren antzezle bat ere lagun zutela. "Bakarrizketa konpartitu gisa aurkezten dira zatiak eta asko gustatu zait emaitza eta zuzendariak emandako trataera", dio Velez de Mendizabalek. Horietan irudikatu zituzten esandako moduan, jaiotza, haurtzaroa, maiteminaren garaia, garai transzendentala, bidaiari bati bidaian gertatzen zaizkion egoerak aurkezten dituen zatia edota heriotza, besteak beste.

Umorez landutako lana da Galderak. Eta horrela erantzun zuen atzo ikuslegoak ere. Antzezle amateurrak izanagatik ere, profesionalen gisa aurkeztu zuten taldeko kideek eta hori ondo txalotu zuen ikusleak. Helburua beteta itzuli ziren Dokekoak etxera. "Erabateko poztasuna euki ezin bada ere, bete egin dugu helburua. Oso pozik gaude emaitzarekin, orain zorroztu behar dira gauzak " dio Jose Mari Velez de Mendizabalek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak