Gure Esku Dago

Mahai-inguru interesgarria atzo Aramaion, Gure Esku Dago taldeak antolatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mai. 9a, 15:38

Josemari Velez de Mendizabal, Karmelo Landa eta Hur Gorostiaga atzo Sastiñan, mahai-ingurua hasi aurretik.
Gure Esku Dago taldeak antolatuta, mahai-inguru interesgarria eskaini zuten EHUko irakasle Karmelo Landak, Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak eta Josemari Velez de Mendizabal ikertzaile aramaioarrak. Sastiña bete egin zen.

Josemari Velez de Mendizabalek atzera begiratu zuen, hasteko: "Gure Esku Dago izenik gabe ere, bagabiltza aspalditik erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen, politika zein kultura mailan, askok eta askok egin dugun lanaren bidez. Nik uste dut ordua iritsi dela ahalegin hori guztia egituratzeko. Hori bai, erabakitzeko prozesua ez dakit zer den, ez daukat erremintarik eta ezta erreferentziarik ere. Hori galdegitera ere banator". Baina, era berean, etorkizunera ilusioz begiratzen dio ikertzaile aramaioarrak: "Orain arte politikak agindu du; ea orain gizarte mugimenduak benetako indarra hartzen duen eta gai ote garen daramagun prozesuak bestelako ikuspuntu, haize eta usain bat har dezan".


Karmelo Landak ere herritarren konpromisoaren ideia aipatu zuen: "Asmoak eta itxaropenak garatzeko garaiak pasa dira, orain konpromiso zehatzak behar ditugu. Ondo egonkortutako bidean urratsak ematen hasi behar gara. Jendea konprometitzen denean helduko da erakundeen konpromisoa". Gure Esku Dago ekimena "oso baikor" hartzen du Landak: "Euskal Herrian orain zerbait behar badugu hori da, herritarren aktibazioa. Erabakitzeko eskubidea teoria izatetik gauzatzerako pausoa emateko ordua da".


Azkenik, Gorostiagak Ipar Euskal Herrian azken bi urteetan emandako "prozesu demokratikoa" izan zuen hizpide: "Ipar Euskal Herriak ez du instituziorik eta beraz, ze erakunde eta eskumen mota gura dugun adostu dugu. Horren ondorio da lurralde elkargo bat izateko aho bateko adierazpena. Parisek ezezkoa eman du, baina ikasgai bat izan da kontra egiten dutenak kanpo geratu direla hauteskundeetan. Beraz, mugitzen jarraitu behar dugu, aurrean ezezkoa jaso arren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak