Lorabarri Astea iaz antolatu zuten lehen aldiz eta iazko "esperientzia ona eta arrakasta" ikusita, aurten berriro antolatzea erabaki dute.
Iazko antzeko planteamendua egin dute; aurtengoa luzeagoa da, akaso: "Azoka izan ezik, egitarauan ez dugu ekintzarik errepikatuko. Hitzaldiak eta tailerrak ezberdinak dira eta ibilbideak zein beste antzeko ekintzak ezberdintzen saiatu gara. Berrikuntzarik dagoen? Ekintza guztiak izango dira berriak aurten", dio Orobengoak. Hortaz, iaz parte hartu zuenak aurten ere ikasiko du zerbait: "Alde horretatik ez da aspertzeko astirik izango".
Paul Nicholson dator
Egitarauari erreparatuz, denetarik egiteko aukera egongo da aste osoan zehar: elikadura burujabetza, herriko ondarea eta kultura eta bertako ekoizpenak ezagutu, herritarren artean ezagutzak konpartitu eta nekazaritza ekologikoaren nondik norakoen berri jaso, besteak beste.
Ogi ekologikoa egiteko tailerra atzeratu egin dute
Lehen ekintza gaur bertan izan behar zen, ogi ekologikoa egiteko tailerra. Antolatzaileek orain bertan jakinarazi dutenez, datorren egubakoitzera atzeratu da, "arazo pertsonalak" direla medio. Izena eman dutenek Divina eta Rakel Arriolabengoaren teknika ezagutzeko aukera izango dute: "Etxe azpian egiten dute ogia, bailaran nahiko ezaguna da. Ogia norberak egiteko aukera egongo da; euren teknika ikasi eta praktikan jarriko dugu".
Bihar, zapatua, sendabelarren eta zuhaitzen erabilpenaren gaineko ibilbidea gidatuko du Gabi Villalbak: "Iaz egin zen, baina aurten beste paraje batzuetatik ibiliko gara. Sendabelarren gaineko hainbat misterio kontatuko dizkigu". Orobengoak nabarmendu duen beste ekintza bat da hilaren 12ko hitzaldia: "Paul Nicholson ekartzeko aukera aprobetxatu dugu eta, pertsona ezaguna denez, edozein gairen gainean berba egingo balu ere jendea erakarriko luke. Via campesina mundu mailako nekazaritza mugimenduaren gainean egingo digu berba", argitu du Orobengoak.
Ekintza horiez gain, bertako denetariko produktuak dastatzeko aukera egongo da. Amaitzeko, astea "borobiltzeko", azoka egingo dute: "Bertako zein kanpoko produktuak egongo dira, oraingoz Aramaion ez da-eta denetarik ekoizten. Gura duena gonbidatuta dago, animatu".
Egitaraua
Hilak 10, zapatua
11:00 Sendabelarrak eta zuhaitzak ezagutzeko ibilbidea Gabi Villalbaren eskutik (gazteleraz). Ibilbidea Bizente Goikoetxea plazatik hasiko da eta ondoren erakusketa jarriko dute Sastiñan.
Hilak 11, domeka
17:00 Tellerien ibilbidearen aurkezpena Amillena turismo elkartearen eskutik. Ibarrako kiroldegitik abiatuko dira.
Hilak 12, astelehena
18:00 Via campesina-ren gaineko bideo emanaldia eta hitzaldia Paul Nicholson-en eskutik, Sastiñan.
Hilak 13, martitzena
Ekonomatoko produktuen dastatzea.
18:00 Ogi eta olio ekologikoa.
18:30 Mermelada ekologikoa.
19:00 Ardi eta behi gazta. Bidezko merkataritza.
Hilak 15, eguena
18:30 Sagardo dastatzea Sastiñan. Aramaioko askotariko sagardoen gainean berba egingo du Juan Zuriarrain etnologoak (gazteleraz). Izena emateko deitu arratsaldez 669 946 594 telefono zenbakira. Prezioa da lau eurokoa.
Hilak 16, egubakoitza
18:00 Ogi ekologikoa egiteko tailerra Divina eta Rakel Arriolabengoaren eskutik, Azkoaga auzoko abade-etxean.
19:00 Baserriko konpostaren gaineko saioa eskainiko du Xabier Herrartek Sastiñan.
Hilak 17, zapatua
Goizean zehar Lorabarri Asteko Azoka: Herriko produktuen salmenta, musika, landaketak haurrekin batera, arropa trukea...