Artemanek zuzenduko du biomasa proiektuaren sentsibilizazio kanpaina

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko api. 7a, 16:29

Arteman komunikazio enpresak gidatuko du biomasa proiektuaren gainean Aramaioko Udalak martxan jarri gura duen sentsibilizazio kanpaina. Aste Santu ostean hasiko dira etxez etxe triptikoak banatzen oinarrizko informazioarekin; hitzaldiak, erakusketa eta bideo bat ere prestatuko dituzte.

Biomasaren proiektua aramaioarrei gerturatu, ahalik eta informaziorik zehatzena eman eta euren inplikazioa sustatu. Horiek dira Aste Santu ostean hasiko den sentsibilizazio kanpainaren helburu nagusiak.

Arteman komunikazio enpresak gidatuko du kanpaina, Udalarekin apirilaren 3an hitzartu zutenez: "Herritarrei beharrezko azalpen guztiak emateko eta euren inplikazioa bilatzeko komunikazio enpresa profesional batengana jotzea erabaki genuen, gu ez ginatekeelako gai izango hori behar den moduan egiteko", adierazi zuen Ramon Ajuria alkateak akordioa sinatu berri.

Herritarren inplikazioa "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen Ajuriak: "Kalean, Ibarran, 900 biztanle inguru bizi dira eta horiek guztiek parte hartu beharko lukete, onuragarria da-eta denondako". Honakoa ere gaineratu zuen: "Ekonomikoki, sozialki zein ingurumen aldetik oso garrantzitsua izango da herritarrendako".

Biomasa batzordea, ados

Udalak ilusio handia du proiektuarekin baina aurrera egin dezan ezinbestekoa izango herritarren inplikazioa. Martxo erdialdean eratu zen biomasa batzordeak ere onespena eman zion sentsibilizazio kanpainari. Triptiko batzuk banatuko dituzte etxez etxe, oinarrizko informazioa emateko: "Proiektua zertan datzan, ze onura izango dituen eta ekintza plana iragarriko dugu triptiko horietan", adierazi zuen Artemaneko Iker Barandiaranek.

Erakusketa Sastiñan

Aurrerago, maiatza amaieran, erakusketa bat jarriko dute Sastiñan: "Erakusketa horretan informazio sakonagoa emango dugu eta horrekin lotuta hainbat hitzaldi antolatuko ditugu, auzuneka edo taldeka banatuta, herritar guztiengana heltzeko. Hitzaldi horiek teknikoak eta informatiboak izango dira. Gainera, ikus-entzuneko labur bat ere egingo dugu". Arteman ere "ilusionatuta" dago erronkarekin, Barandiaranek adierazi zuenez: "Udala ahalegin guztia egiten ari da proiektu aitzindari bat garatzeko eta hori horrela izateak lana erraztuko digu. Hori bai, erronka izango da guretako auzo guztietara heltzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak