Larraitz Arriolabengoa musika irakasleari bururatu zitzaion aste oso batez herria musikaz janztea helburu duen ekimena: "Ikasturtea hasi zenean nire ikasleekin kontzertu bat antolatzea zen asmoa, ikasitakoa herriari erakusteko. Baina Aramaion musikarekin lotura duten hainbat eragile daudela ikusita, zerbait gehiago antolatzea erabaki genuen". Behin musikarekin zerikusia duten eragileen oniritzia jasota, proposamena aurkeztu zuen Arriolabengoak Udalean: "Baiezkoa jaso nuen eta diru partida txiki bat bideratu dute. Orain arte Udalak beti erantzun izan du ondo", dio antolatzaileak.
"Egitarau polita"
Herriko musikariak izango dira protagonista Musika Astean: Trikitixa eskolak, bertso eskolak eta herriko abesbatzek hartuko dute parte, besteak beste: "Egitarau polita da gurea moduko herri txiki batendako".
Era berean, San Martin eskolak ere egingo du bere ekarpena; gelaz gela herriko musikarien –iraganekoak zein gaur egungoak– gaineko erakusketa "sinple eta xume" bat jarriko dute Sastiñan, Musika Asteak irauten duen bitartean. Herrikoak ez diren ekintzen artean Ona taldearen Perkutak saioa nabarmendu du Arriolabengoak: "Saio interaktiboa da, oso interesgarria edozeinendako".
Musika Astearen egitaraua
Apirilak 7, astelehena
19:00 Joe Strummer The Clash taldeko liderraren gaineko The future is unwritten dokumentala, kultura etxean.
Apirilak 8, martitzena
18:00 Aramaioko musika ikasleen kontzertua Sastiñan.
Apirilak 9, eguaztena
18:30 Ona taldearen Perkutak izeneko perkusio tresnen saio didaktikoa Sastiñan.
Apirilak 10, eguena
18:00 Papargorri abesbatzaren emanaldia Sastiñan.
Apirilak 11, egubakoitza
20:00 Jazz kontzertua Jose Barrios trio taldearen eskutik Sastiñan. Gero poteoa, Trikitixa eta Bertso eskolakoek girotuta.
Apirilak 12, zapatua
21:00 Kantu afari herrikoia.
Apirilak 13, domeka
18:30 Bizente Goikoetxea eta Papargorriko Elaia abesbatzen kontzertuak Sastiñan.
erakusketa sastiñan
Aste osoan zehar
Herriko musikarien gaineko erakusketa jarriko dute San Martin eskolako ikasleek, 18:00etatik 19:30era.