Duela lau urte ikerketa energetiko bat egin zen Ibarrako argiteria publikoaren gainean. Ikerketa hartan ondorioztatu zen Ibarrako argi gehienek larregi kutsatzen zutela. Horregatik Udala poliki-poliki ari da argiteria publikoa aldatzen: "Argiak aldatu dira kutsadura gutxitzeko, LED sistema jartzeko. Sistema berriak ez du kutsadurarik sortzen eta intentsitate berbera eskaintzen dute kontsumo askoz txikiagorekin", adierazi du Udaleko aholkulari tekniko Oier Ezkerrak.
Beraz, ingurumenari mesede egiteaz gain, Udaleko diru-kutxak ere igarriko du aldea. Izan ere, LED sistema berriarekin kontsumoa aurreztuko da %60 eta %70 artean.
Mugimendu detektagailuak
Bestalde, herritarren kezka piztu dute udaletxeko horman plazara begira jarri diren detektagailek. Batek baino gehiagok pentsatu du bideo-kamerak zirela. Bada, Oier Ezkerra aholkulari teknikoak azaldu du aparailu horien funtzionamendua: "Kamera horiek plazako mugimendua somatuko dute eta orduan argiaren intentsitatea igo egingo da".
2013an lehen fasearekin amaitu zuten eta fase horretan Nardeaga kaleko eta Bizente Goikoetxea plazako argiteria aldatu zuten. Orain Ibargoia kalean hasiko dira eta Udalak jakinarazi du ekainerako sistema berria ezarrita egon behar dela.
Diputazioak lagunduko du
Izan ere, Aldundiaren diru-laguntzak zehazten ditu epe horiek. Diputazioak 20.000 euroko diru-laguntza bideratu du bigarren fase horretarako. Printzipioz lanaren %100a egiteko balio beharko luke Diputazioaren ekarpenak; hortik aurrerako gastuak Udalaren esku joango dira.