Aramaioko ahozko ondarearen zati bat, kontatzeko idatzita

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 21a, 21:03
Atzo, egubakoitza, arratsaldean kultura etxean egindako ekitaldi jendetsuan aurkeztu zuten 'Bazan behin Aramaixon' izeneko liburua.

Udalak ateratako beka lortu eta gero, 2000 urtean ekin zioten Dibina Arriolabengoa eta Arantza Ozaeta filologoek Aramaioko ahozko ondarea jasotzeari, eta urtetako lanaren ostean, atzo aurkeztu zuten jendaurrean lan horren lehen emaitza: 'Bazan behin Aramaixon' izeneko liburuxka.

Urte hauetan guztietan, 50 pertsona ingururekin elkartu dira herriko ahozko tradizioa jasotzeko, eta atzo aurkeztutako liburuxkak hamabost ipuin, kondaira eta pasarte biltzen ditu, 0 eta 4 urte bitarteko umeentzat aproosak. Belen Morenok egin ditu liburuxkako ilustrazioak; Manex Agirrek egin ditu zuzentzaile lanak; eta edizioa, Miel A. Elustondo, Jabier Kaltzakorta eta Txipi Ormaetxearen ardura izan da. Hauen lana goraipatu dute Dibina Arriolabengoak eta Arantza Ozaetak: "Oso lan fina egin dute: fideltasun handiz errespetatu dira esateko moduak, ahozkoaren erritmoa".

Herritarren interesa

Egubakoitz arratsaldean liburuxka aurkezteko egindako ekitaldiak interes handia piztu zuen, eta horretarako prestatutako kultura etxeko aretoa goraino bete zen ume eta helduekin.

Ekitaldi berezia izan zen, hainbat herritar izan ziren-eta bildutako ikusleei liburuxkan jasotakoak kontatu zizkietenak. Kontalarien artean, adin aniztasuna izan zen nagusi: San Martin eskolako bost eta sei urteko neskatila-mutikoak izan ziren lehenak, eta horren ostean etorri ziren gurasoek eta beste hainbat senidek kontatutakoak. Denek eman zioten ukitu pertsonala kontatzen ari zirenari, eta barre algara bat edo beste ere eragin zuten. Horren adibide izan zen Txema Abarrategik 'Papargorri eta buztenikarie' kontatu zuenekoa.

Aurkezpenarekin oso gustura geratu ziren bilketa lana egin duten Arriolabengoa eta Ozaeta: "Asko gustatu zaigu, hori zen gura genuena: betidanik ahoz aho zabaldu izan direnak berriz ere esatea, ipuin eta kondaira hauek gordetzen duten jakintza belaunaldiz belaunaldi igarotzeko".

Udalak argitaratu du liburuxka, eta udaletxean zein kultura etxean dago eskuragarri 10 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak