Arabako Hezkuntza Ordezkaritzaren zain, San Martin eskolako jantoki eta garraiorako diru laguntza dela-eta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ots. 10a, 11:02

San Martin eskola margotzen, iaz egindako jaian. Ikasturte honetan 144 ikasle daude.
San Martin eskolako arduradunak Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzaren erantzunaren zain daude. Eskolarako garraioa eta jantokiko zerbitzuarendako diru laguntza dela-eta sortu da kezka. Izan ere, Barajuen eta Azkoaga auzoetako 19 ikaslek eskolan bazkaldu ahal izateko garraioa eta diru-laguntza kolokan daude; Jaurlaritzak "laster" erantzungo du.

San Martin eskolako arduradunak Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzaren erantzunaren zain daude. Eskolarako garraioa eta jantokiko zerbitzuarendako diru laguntza dela-eta sortu da kezka. Eskolatik bi kilometro baino gehiagora bizi diren ikasleek laguntza garrantzitsua jasotzen dute, autobusean garraiatuak izateaz gain, eskolan bertan bazkaltzeko.

Bada, Barajuen eta Azkoaga auzoetan bizi diren 19 ikaslerendako diru laguntza hori kolokan dago. Izan ere, Jaurlaritzak egindako neurketa baten arabera, 19 ikasle horiek ez dira eskolatik bi kilometro baino gehiagora bizi. Arazoa da, baina, bi kilometrora heltzen ez den distantzia hori egiteko bidea ez dagoela erabiltzeko moduan.   

Errepidea ez dago erabilgarri

Hori horrela dela frogatzeko Ertzaintzari txosten bat eskatu zitzaion, proposatzen den errepideak –"landa-pista", Ertzaintzak jasotzen duenez– gutxieneko segurtasun betekizunak eta baldintzak betetzen dituen ikusteko. Txosten horren ondorioa garbia da oso: ez dago ikasleek erabiltzeko moduan.

'Garraiatuak' eta 'baimenduak'

Bi kilometro baino urrunago bizi direnei garraiatuak deritze. Eta baimenduak dira bi kilometro baino gertuago bizi arren ere autobusean doazenak, lekua egonez gero. Eskolako arduradunen kezka da datorren urtean 19 ikasleok lekurik izango ote duten autobusean, baimenduen artean kokatuz gero; izan ere, garraiatuek izango lukete lehentasuna: "Arabako hezkuntza delegatuarekin egon gara eta aldeko jarrera dauka, ulertzen du arazoa. Espero dugu konponduko dela; esan zigun laster erantzungo zigula. Oraingoz, baina, ez dakigu ezer", diote.

Errepideak, segurtasun baldintzarik ez

Bergarako ertzain etxeko bi agentek egindako txosten batek ondorioztatu du Hezkuntza Ordezkaritzak proposatutako bideak ez dituela gutxieneko segurtasun baldintzak betetzen. Errepidearen honako ezaugarriak jasotzen ditu txostenak ondorio horretara heltzeko: nekazaritza lanetarako egin zela, oso estua dela, aldapa handia duela (%18ko koska), neguan izotza eta elurra egotea ohikoa dela, ez duela argiztapen artifizialik –beraz, "oso arriskutsua" da oinezkoek erabiltzeko– eta, A-2620 errepidean amaitzen denez, ezinbestekoa dela errepide hori zeharkatzea eskolara joateko. Azken horrek arriskua areagotzen duela dio txostenak, ibilgailu gehienek zirkulatzeko erabiltzen duten errepide nagusia delako.

(Argazkia: Proposatzen den bidearen egoera)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak