Aitor Zabala: "Pilatesa egiteko leku egokiagoa eskatuko nuke, baina ziur dirua ez dagoela soberan"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ots. 11a, 00:00

Aitor Zabala udaletxean, pilates saio bat hasi aurretik.
Egunaren 24 orduak motz geratzen zaizkio Aitor Zabalari (Aramaio, 1989). Hamaika saltsatan sartuta dabil: pilates irakasle, Aramaioko Gazte Asanbladako kide, areto futboleko taldeko jokalari, Orixol mendizale elkartean sartu berri... 2013ko udan sorosle izan zen Usakon eta Dukiena jatetxean ere egiten du lan aste bukaeretan. Ez dago zalantzarik eguna ondo antolatzen duela. Cuatrovientos baserriko semea, AHTko lanen eragozpenetara "ohitu" dela esan digu.

Noiztik zara pilatesko irakasle?

2013ko irailean hasi nintzen. Aurretik, Arrasateko Zigorrola auzoko Zigagym gimnasioan egin nituen praktikak. Spinning klaseak ere eman nituen han, besteak beste. Aramaion orain bi txanda ditut, 20 bat ikasle. Astero bi ordu egiten ditut talde bakoitzarekin. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan elkartzen gara. 

Eta leku egokia al da osoko bilkuren aretoa pilatesa egiteko?

Duela hiru urte hasi ziren pilatesa hemen ematen, ez dago beste lekurik. Neguan, berogailua jarrita egon arren, hotz egiten du. Izan ere, pilatesak ez du ariketa fisiko handirik eskatzen. Materialari dagokionez, udaletxean goma eta zinta batzuk uzten ditut. Baloiak, berriz, kiroldegian uzten ditut, eta, beraz, bueltaka ibiltzen naiz. Larri ibiltzen naiz, egia esan. Kiroldegiko gimnasioa ezin da erabili, inolaz ere. Udalari leku egokiagoa jartzeko eskatuko nioke halako ariketetarako, baina ez dut uste dirua soberan egongo denik. Ulertzen dut Udalak bere mugak izango dituela; azken finean, nik moldatu behar izan dut dagoenera. Pozik nabil, batez ere ikasleak gustura ari direla esaten didatelako. 

Emakume helduak dira nagusi. Zeintzuk dira ariketa nagusiak?

Gorputzaren malgutasuna lantzea, bizkarreko arazoak arindu eta prebenitzea, muskuluak indartzea... Denetarik egin daiteke. Jende gazteari ere gomendatuko nioke, edonori datorkio ondo. 

Erretiratuekin ere baduzu harremana. Azal iezaguzu.

Martitzenetan eta eguenetan gimnasio saioak egiten ditut eurekin. Jolasak, memoria ariketak... Kiroldegian elkartzen gara; gela txikian berogailua jartzen dugu, eta moldatzen gara. Baina kantxan sekulako hotza egiten du.

Usakon sorosle izan zinen udan. Zelako esperientzia izan da?

Bi urte egin ditut jarraian. Jendeak, oro har, errespetatzen ditu arauak. Hori bai, batzuk alkoholdun edariekin sartzen dira uretara. Beti atzetik ibili behar.  

Zein izan da sorosle moduan bizi izan duzun egoerarik larriena?

Iaz, lehen lanegunean, lagun talde bat koltxoneta gainera ari zen salto egiten. Jauzietako baten euretako batek tibia apurtu zuen; uretatik kamillan atera behar izan genuen, gogorra izan zen.

Aramaioko Gazte Asanbladako beteranoetako bat zara. Zenbat kide zarete?

Orain, 12 bat lagun izango gara. Astero elkartzen gara, ekintza berrien gainean pentsatu, zer hobetu daitekeen ikusi eta betiko ekintzak antolatzen joateko. Herriarendako pare bat sorpresa ditugu, enteratuko zarete. Orain, adibidez, Aratusteak gainean ditugu eta egun horretarako jarrita gaude lanean. Pozgarria da jende berria sartu dela ikustea. Gogotsu sartu dira, gainera. Duela hiru edo lau urte sartu ginen gu.  

Era berean, Orixol mendizale elkartean sartzekotan zabiltza, ezta?

Bai. Erreleboa eskatu dute eta sartzea erabaki dut. Ea gazte gehiago animatzen den. Mendia gustatzen zait eta bide batez herriari laguntzen badiot, hobe. 

Aramaixo taldean ere jokatzen duzu, areto futbolean. Noiztik jokatzen duzu? Igarri duzue aurten bi maila gorago jokatzen ari zaretela? 

Aurtengoa bigarren denboraldia da. Iaz kosta zitzaigun mailari neurri hartzea, baina behin egokitu ostean nahiko erraz irabazi genituen partiduak. Aurten bi maila gorago gaude eta zailtasun berriekin aurkitu gara, taldeak ondo prestatuta doazela ohartu gara. Guretako ere ikasteko balio izan du horrek; entrenamenduetan jokaldiak gehiago lantzera behartu gaitu. Hori bai, esan beharra daukat beste eginbeharrak direla-eta ez dudala nahi beste entrenatzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak