Jokalari batzuk taldea utzi dute–Jokin Balantzategi, esaterako, orain gutxi joan da Kolonbia aldera– eta aurpegi berri batzuk ere badaude, aramaioarrak zein arrasatearrak.
Maila berrira egokitzen
Maila berria "zorrotza" dela onartu arren, egokituko direla uste du Elejaldek: "Helduko diogu. Ez dut uste maila mantentzeko arazorik izango dugunik eta gure esperantza da goiko taldetxora batzea. Ea lortzen dugun". Partiduetan erakusten den mailak entrenatzen den moduarekin zerikusi zuzena duela sinestuta, entrenamenduen dinamika "ona" dela dio arduradunak: "Estrategia jokaldi berriak astiro sartzen joan gara eta esango nuke ondo ari garela lanean, oraingoz".
Instalazioak berritzeko beharra
Kiroldegiaren egoeraren gainean galdetuta, aldaketa batzuk beharrezkoak direla uste du Elejaldek. Joan den astean konpondu zituzten apurtutako leihoak –haizea eta euria eginez gero arriskua zegoen partiduren bat bertan behera geratzeko–, baina horrez gain badago zer hobetu, Elejaldek dioenez: "Inbertsio bat egin beharko litzatekeela esango nuke. Zahartuta geratu da, instalazioek berrikuntza bat behar dute. Hamar urte darama kiroldegiak nahiko utzita. Era berean, materialik ere ez dago apenas; duela hamar urte erositako baloiekin jarraitzen dugu".
Horrez gain, itoginak ohikoak dira eta neguan hotza da protagonista: "Gasteizen jokatzen dugunean edadeko jende askotxo egoten da, eta horretan ziur laguntzen duela kiroldegi barruko epeltasunak. Etxeko partiduetan jende gaztea egoten da baina adineko jenderik ez. Egiten duen hotza egingo ez balu etorriko lirateke akaso...", uste du Elejaldek.