Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa nobedadez josita dator

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urt. 23a, 10:23

Urtarrilaren 18an Agurainen aurkeztu zuten 2014ko edizioa, hainbat parte-hartzailerekin.
Urtarrilaren 18an aurkeztu zuten Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren hirugarren edizioa Agurainen: "Hirugarrenez, Arabako bertsolaritza astintzea du helburu Kuadrilla Artekoak", diote. Otsailaren 1ean hasiko dira saioak, eta apirilaren 5eko azken topaketa kontuan hartuta, 20 saio izango dira Araba osoan zehar. Aramaion bi saio antolatu dituzte: otsailaren 15ean eta martxoaren 29an, hain justu.

Arabako bertsolaritza mugimendua saretzea eta indartzea. Hori da Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren helburu nagusia. Bertsolariez aparte, bertsolaritzaren komunitateko kide guztiak hartzen ditu aintzat ekimenak: bertsozale, gai-jartzaile, grabatzaile, sukaldari, trikitilari... Talde osoak du protagonismoa.

300 lagun inguru mugiaraziko ditu

Iaz banakakoa jokatu ostean, bi urteko zikloarekin jarraitzera dator Kuadrilla Artekoa. Izan ere, lehenengoz 2010ean antolatu zena mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarendako. Bi modalitate ditu ekimenak: bat-batekoa eta idatzizkoa. Bat-batekorako 15 taldek eman dute izena. Idatzizko modalitaterako, berriz, 21 talde daude. Bi modalitateak kontuan hartuta, 300 lagun inguru mugiaraziko ditu egitasmoak.

20 saio Araba osoan zehar

Aurten bi nobedade nagusi izango dira. Batetik, ez da lehiarik izango, hau da, ez da sailkapenik egongo. Hala, apirilaren 5eko azken saioa ez da finala izango, topaketa bat baizik, eta egun horretan talde guztiek hartu ahalko dute parte. Bestetik, ekimena autogestionatua izango da; talde bakoitzak erabakiko du zenbat saio antolatuko dituen eta saioak ze formatu izango duen. Euren ardura izango da, era berean, taldekideak eta baliabide teknikoak lortzea eta antolatzen dituzten saioen berri ematea.

(Argazkia: Aramaioko Garratzak taldeko kideak)

Aramaioko Bertso Eskolatik bi taldek eman dute izena

Kuadrilla Artekoaren hirugarren edizioan Aramaioko Bertso Eskolako bi talde izango dira, biak bat-bateko modalitatean. Batetik, Aramaioko Garratzak talde beteranoa; honako kideek osatzen dute: Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre, Lierni Altuna, Gillen Agirre, Oier Kortabarria, Mikel Ruiz de Azua, Jone Arriolabengoa, Eskarne Ugarte eta Iker Elexpuru. Bestetik, talde gazteago batek ere eman du izena, Unibertsolariak: Maria Izaga, Sabin Aranburu, Beñat Burgi, Peru Abarrategi, Paula Amilburu, Jon Izaga, Maider Aldai eta Miren Heriz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak