Gastua murrizteaz gain, helburu ekologikoa ere badu proiektuak. Udalak lanei ekin aurretik egindako kalkuluei erreparatu ezkero, gastu energetikoa %80 aurreztea lortuko da eta mantentze-gastua, berriz, %50 jaitsiko da.
Gehiegizko kontsumoa
Udalak Berdin eta Urondo enpresei esleitu zizkien lanak. Izan ere, duela hiru urte egindako auditoria batek –2013ko Arabako enpresari saritua izan zen Susana Malonek gidatu zuen auditoria hori– ondorioztatu zuen Aramaion argi publiko larregi kontsumitzen zela, Errege-dekretuaren arabera eta Europako batez bestekoak kontuan hartuta. Ibarra auzoan, argiteria publikoa aldatu aurreko proiektua abiatu aurretik, 160 kilowatt-orduko gastatzen zen gutxi gorabehera. Europako herrialdeetan 80 kilowatt-orduko gastatzen da; beraz, Aramaion bikoitza gastatzen zen; Udalaren ustez, "gehiegi".
LED sistema jartzen
Beste hainbat herritan egin moduan Aramaion ere LED sistema duten argiak jarri dira eta Udaleko langile Xabier Arriolabengoa Luki-k azaldu duenez, dagoeneko igarri da aldea kontsumoari dagokionez: "Alde inportantea igarri dugu, kontsumoa asko jaitsi da", dio. 36 kilowatt-orduko gastatzen zen LED sistema jarri aurretik eta orain, jarri den lekuetan, 18 kilowatt-orduko gastatzen da: "Gure kalkuluen arabera, sistema berriarekin 10.000 euro aurreztuko dugu urte osoan, gutxi gorabehera". Proiektuaren lehen fasea amaitu da dagoeneko eta lehen fase horrek suposatu zuen inbertsioaren %70a Arabako Aldundiak eta Jaurlaritzako Euskal Energiaren Erakundeak finantzatu zuten.
Bigarren fasea, ekainerako
Orain bigarren faseari ekingo diote; Ibargoia kale osoan jarriko da LED sistema. Aldundiak 20.000 euroko diru-laguntza bideratu du bigarren fase horretarako. Printzipioz lanaren %100a egiteko balio beharko luke Diputazioaren ekarpenak; hortik aurrerako gastuak Udalaren esku joango dira.
Udalak jakinarazi duenez, bigarren faseko lanak ekainerako amaituko dira; gero, hirugarren faseari ekingo diote.