Antolatzaileak oso pozik daude hiru taldek egin dutelako bat aurten: "Ez da erraza herriko hiru kultur talde helburu beraren atzean batzea eta koordinatzea. Izan ere, talde bakoitzak bere helburuak ditu", uste du koordinatzaile lanetan ari den Manex Agirre bertsolariak. Hala, Santa Ageda eskerako hiru taldeak batu izana "oso bizirik" daudenaren seinale dela deritzo Agirrek: "Horrek ekarpen handia egiten dio herriari eta hala izan dadila urte askoan".
Aldaketak bildutako diruaren helburuan
Iaz, bildutako dirua Caritasi eta Harremani eman zitzaien baina aurten jasotako dirua hiru taldeen artean banatzea erabaki dute. Horren arrazoiak dira; batetik, hiru taldeek aurrekontu murritza izatea, eta bestetik, herrirako ekarpenak egin izana beti. Beraz, jasotako dirua aramaioarrendako ekintzaren bat antolatzeko erabiliko da.
Aldaketak ibilbidean
Santa Ageda eguna otsailaren 5a da, eguaztena. Aste barruan halako festa bat antolatzea ezinezkoa dela jakinda, aurten ere zapatuan egingo dute, otsailak 1. Iazko planteamenduari eutsiko diote: Bizente Goikoetxea abesbatzako kideek Santa Agedaren omenezko koplak abestuko dituzte, eta bertsolariek bat-bateko bertsoez jantziko dituzte kopla horiek. Nobedade bakarra ibilbidea izango da. Guztiek egin beharrean auzoz auzoko ibilbidea, astuna gerta daitekeelako, bi taldetan banatuta joango dira, beti ere jende nahikoa aurkezten bada.Horrekin lortuko dute arratsaldean kalean (Ibarran) egingo diren saioak jendetsuagoak izatea.
Orain arteko entseguetan elkartutako kopuruarekin pozik daude antolatzaileak. Gainera, adin guztietako jendea batu da oraingoz. Atzo egin zuten bigarren entsegua eta beste bi geratuko dira: hilaren 23an eta 30ean. Kultura etxean izango dira (19:00).