Aramaiok, eskolan zein kalean, euskaraz bizi nahi du

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko abe. 4a, 19:10

Euskararen Egunaren harira, hainbat ekintza egin dira Aramaion ere. San Martin eskolak egitaraua berezia antolatu zuen eta aurreikusitako ekintza guztiak egin ziren: "Printzipioz pilotalekuan egin behar ziren ekintzak baina hotzagatik kiroldegian egitea erabaki genuen", esan digu Santi Roman eskolako zuzendariak. Aldi berean, Udalak Euskaraz bizi nahi dut aldarria Euskal Herriko etxeetako balkoietan jartzeko deialdiarekin bat egin zuen. Udaletxeko balkoian banderatxoa jartzeaz gain, herritarrei dei egin zieten ikur bera euren etxetako balkoian jartzeko.

Astelehenean hasi ziren ekitaldiak San Martin eskolan, Eriz magoaren ikuskizunarekin: "Oso ondo egon zen, oso hurbileko egon zen umeekin", uste du Romanek. Ikuskizunaren ostean guraso elkarteak txokolate-jana prestatu zuen haur zein gurasoendako. Elkartasuna guraso elkarteak eskolako komunitateko kide aktiboa dela erakutsi du beste behin ere.

'Ongi etorri San Martin eskolara'

Martitzenean, Euskararen Egunean, kiroldegia hartu zuten ikasle, irakasle eta gurasoek. Ongi etorri San Martin eskolara abestia kantatu eta dantzatu zuten eta Euskaraz bizi nahi dut leloari jarraituz hainbat bertso kantatu zituzten, besteak beste.

Aldarria etxeetako balkoietan

Aldi berean, Udalak Euskaraz bizi nahi dut aldarria Euskal Herriko etxeetako balkoietan jartzeko deialdiarekin bat egin zuen. Udaletxeko balkoian banderatxoa jartzeaz gain, herritarrei dei egin zieten ikur bera euren etxetako balkoian jartzeko: "Euskaldunen euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea errespetatzearen alde egonik, deialdi horrekin bat egiten dut. Herritarroi ere deialdiarekin bat egiteko gonbidapena luzatzen dizuet", zioen alkateak ateratako bandoak.
Honakoa ere gaineratu gura izan zuen Ramon Ajuriak : "Urte osoan bezala,  euskaraz bizitzera eta euskaraz gozatzera animatu nahi zaituztet. Guztiok batera lortuko dugu, pertsona bakoitzetik, taldera, taldetik udalerrira eta udalerri bakoitzetik Euskal Herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz, aurrera egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak