Ikurrina balkoian jartzeko eta omenaldira joateko deia domekarako Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 29a, 13:00

"Azkenaldian jasotzen ari garen inposaketa guztien aurrean, guk gure ikurrina aldarrikatzeko eguna egin nahi dugu". Horixe dio Udalak etziko antolatu duen omenaldia iragartzeko oharrak. Madrilgo Gobernuak Espainiako bandera jartzeko aginduaren aurrean erabaki dute ekitaldi "xume" bat antolatzea: "Festa giroan aldarrikatuko dugu gurea ikurrina dela. Omenaldi xume bat izango da", esan digu Ramon Ajuria alkateak. Etxeko balkoian ikurrina jarri eta 13:00etan Bizente Goikoetxea plazan egingo den ekitaldira gonbidatu dituzte herritar guztiak; jatekoa eta edatekoa egongo da.

Omenaldirako ikurrinarekin lotura zuzena duten bi aramaioar gonbidatu dituzte. Lehena, Salazan baserriko Julian Unzueta. Demokraziako lehen alkatea eta 1977ko urtarrilaren 19an, ikurrina legeztatu berri, Aramaioko udaletxean jartzeko agindua eman zuena: "Bergarako Alkateen mugimenduan geundenok Gobernuko presidentearengana, Adolfo Suarezengana, joatea erabaki genuen. Orduan eskatu zen ikurrina legeztatzea eta hildakorik eragin ez zituzten presoak askatzea, besteak beste", gogoratzen du Unzuetak.

"Oso gai konplikatua da"

Suarezengana heltzea lortu zuten; horretarako Arrasateko alkate zen Jose Antonio Altuna Txatillo-ren lana ezinbestekoa izan zen, Unzuetaren arabera. Suarezek Ikurrina legeztatzeko eskaera onartu bezain pronto, hurrengo egunean, jarri zuten udaletxean. Egungo errealitatera itzulita, Espainiako bandera jartzea ez du ondo ikusten baina gai "konplikatua" dela uste du: "Inposaketa da, eta kontuan hartu behar da egungo alkatearen inhabilitazioa ekar lezakeela. Beraz, oso gai konplikatua da". 

1994an ere, esanahi berezia

Bestalde, Jose Ramon Uribe izango da bigarren gonbidatua. Egun zinegotzi da Udalean baina 1994an alkate zen. Urte hartan ikurrina jartzeak ere esanahi berezia izan zuen: "Herri moduan erabakitzeko aldarrikapen moduan jarri genuen ikurrina Aramaion. Erabaki zuzena izan zela uste dut oraindik ere".
Espainiako bandera jartzearekin ez dago ados, baina jarriko balitz ere, "legeak behartuta" izango zenez, ez litzateke larregi arduratuko: "Ikurrina jartzearren alkatea inhabilitatu behar badute Espainiakoa jartzea normala da". Domekako ekitaldira begira ekitaldi "sinbolikoa" izango dela uste du, "beste barik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak