Birziklatze-tasa igotzeko sentsibilizazio kanpaina Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 22a, 09:30

Udaleko Ingurumen eta Nekazaritza batzordeak gaikako hondakinen bilketa "behar den moduan" egiteko birziklatze kanpaina bat jarri du martxan. Horretarako esku-orriak bidali dituzte etxez etxe, edukiontzi bakoitzean zer sartu behar denaren gaineko argibide zehatzekin: "Orain dugun sistema berbera mantenduz emaitzak hobetzea da asmoa", esan digu Idoia Beitia Ingurumen eta Nekazaritza zinegotziak.

Aramaioko birziklatze-tasa igo ahal izateko "ezinbestekoa" da herritarren inplikazioa eta parte hartzea, zinegotziaren arabera: "Herritarrak sentsibilizatu gura ditugu, ingurumena zaintzea guztion ardura delako". 

Konposta eta ortu ekologikoak

Birziklatze kanpainaz aparte, Ingurumen eta Nekazaritza batzordean lantzen ari diren beste bi proiektuak aipatu dizkigu Beitiak. Ekimen horien berri ere etxez etxe emango diete herritarrei, gutun bidez.

Batetik, auzo konposta egiteko gune bat jartzea aztertzen ari dira; etxeko hondakin organikoak –sukalde hondakinak, fruta azalak, errautsa, kafe eta infusioen hondarrak, zuhaitz eta landareen kimaketa hondarrak...– biltzeko gune bat egokituko luke Udalak. Beitiak adierazi digunez, herritar batzuk erakutsi dute interesa konposta egiteko.

Bestetik, ortu ekologikoak bultzatu nahi dituzte. Ortu horiek interesatuta dauden herritarrei eskainiko litzaizkieke, modu jasangarri eta ekologikoan lantzeko baldintzapean.

Bi proiektu horietan parte hartzeko eskutitza erantzun edo honako bi bideak har daitezke: 945 44 50 16 telefono zenbakira deitzea edo udala@aramaio.org helbide elektronikora idaztea, izen-abizenak eta telefonoa adieraziz. Erantzuna emateko azken eguna da azaroaren 28a.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak