Ainhoa Oianguren: "Abiadurazko patinek sortzen duten sentsazioa ikaragarria da, itzela"

Mireia Bikuña 2013ko aza. 12a, 01:00

Ainhoa Oianguren (Aramaio, 1996) aramaioarra duela urtebete hasi zen abiadurazko patinekin. Txikitan patinatzen ikasi zuen, baina abiadurarako saltoa aitarekin eman zuen. Agustin Oianguren Bergarako Hanka Labanka taldeko kide da, eta duela urtebetetik, alaba ere bai. Soraluze-Bergara egin ostean denboraldia bukatutzat eman du gazte aramaioarrak.

Soraluze-Bergara krosean parte hartuta bukatu duzu denboraldia. Ez duzu Behobia-Donostia egin. Zergatik?

Aitak esan dit nahiko gogorra dela patinetan egiteko. Aldapa gogorrak dituela badakit. Akaso, datorren urtean.

Urtebete daramazu abiadurazko patinekin, eta oso gaztea zara.

2012ko udan hasi nintzen abiadurazkoekin. 6 urterekin ikasi nuen patinetan ibiltzen, baina txapelketetan parte hartzen iaz hasi nintzen.

Aita eta osaba Bergarako Hanka Labankako kideak dira. Ezagutzen nuen haien lana, eta aitak animatuta hasi nintzen lehiatzen.

Dena den, abiadurazko patinetara heldu aurretik, beste hainbat kirol egin ditut: gimnasia erritmikoa, atletismoa eta hockeya. Hanka Labankak ere lan polita egiten du hockeyarekin.

Ohiko patinetatik abiadurazko patinetara. Oso ezberdinak dira?

Bai. Itxuraz oso ezberdinak dira. Erruberak askoz handiagoak dira, eta lerrokatuago daude. Baina esanguratsuena patinetan ibiltzeko modua da. Abiadurazko patinekin teknika ona izatea ezinbestekoa da. Teknika hobetzen duenak emaitzak eta errendimendua hobetzen ditu.

Abiadurazko patinetan hasi zinenean, zer egin zenuen aurrena?

Hasteko, beldurra gainditu behar izan nuen. Abiadura handia hartzen da, eta zalantzak baztertu egin behar izan nituen. Ondoren, patinekin ibiltzen zekien batengana jo nuen. Nire kasuan, aitarengana. Patinak dituen trikimailuak ikasi eta entrenatzen hasi nintzen. Aitak Gasteizen ikasi zuen, marianistekin, eta nik harekin ikasi dut. Hobe esanda, ikasten ari naiz. [Barre]

Zein da abiadurazko patinetan ibiltzeko modu egokiena?

Bizkarrak lurrarekin paralelo egon behar du. Ipurdia asko jaitsi eta hankak oso tolestuta eraman behar dira. Entrenamendu asko behar dira postura egokiena topatzeko. Postura onarekin oinkada askoz luzeagoa da. 

Ze daukate abiadurazko patinek erakargarriak izateko?

Abiadura sentsazioa. Beldurra gainditu eta teknika apur bat hobetzen den unean, abiadurazko patinekin sentitzen dena ikaragarria da. Konfiantzarekin, kirol ikusgarria da.

Gainera, behin maila bat lortuta, lehiatzen hasteko unea heltzen da: txapelketetan parte hartzeko eta lagunekin eta aitarekin lehiak izateko ere bai. [Barre]

Abiadurak poztasun handia ematen dit niri.

Zenbat buruko min eman dizu abiadurak?

Hasi nintzenean, beldurra gainditzea izan zen erronka handiena. Ostean, teknika lantzen hasi ginen, eta hor ere buruko min galantak izan nituen. Bestalde, erorketak ere badaude. Modu batera edo bestera erori, min handiagoa edo txikiagoa har daiteke.

Eroriko batzuk izan ditut, baina ezer larririk ez.

Aita duzu entrenatzaile. Abantaila da hori?

Bai. Entrenamenduak gure kontura antolatzen ditugu. Biok tarte bat dugunean patinak jantzi eta bagoaz...

Nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Oro har, teknika eta erresistentzia lantzen ditugu. Azken hiru asteetan hainbat probatan parte hartu dut, eta, hankak askorik ez nekatzeko, entrenamendu arinagoak egin ditut. Txapelketa garaian, teknikari ematen diogu garrantzi handiagoa.

Zenbat probatan parte hartu duzu urtebetean?

Bost probatan. Geroz eta lasterketa gehiago egiten dituzte abiadurazko patinendako. Lehenengo proba Donostiako Lilatoia izan zen. Bost kilometroko lasterketa denboraldia hasteko. Nahiko nekatuta bukatu nuen. Esperientzia polita izan zen. Donostiako 15 kilometroko proba ere egin nuen. Horixe bera izan da orain arteko luzeena.

Arrasate-Oñatin bigarren heldu zinen. Zer moduzkoa zen bidegorriko ibilbidea?

Ona. Polita izan zen. Oñatira heldu aurreko azken tunelean, paretaren kontra jo eta urratu batzuk egin nituen.

Soraluze-Bergaran ere ondo pasatu nuen. Gustura.

Txapelketa denboraldia bukatuta, entrenatzen jarraituko duzu?

Bai, baina lasaiago entrenatuko naiz. Akaso, hockeya eta atletismoa egingo ditut, baina patinak baztertu barik. Kirol barik ezin naiz egon, hortaz... Txapelketa garaia iristeaz bat, entrenamenduak gogortuko ditugu.

Abiadurazko patinekin profesionala izatea erraza da?

Ez. Oso zaila da. Nik gustuko dudalako egiten dut kirol hau, baina honekin ezin da bizi. Gaztea naizela esan didate, eta hobetzeko tarte handia daukadala. Ahal dudan guztia hobetzeko lan egingo dut aurrerantzean. 

Hanka Labankako kide zaitugu, aita eta osaba bezala.

Hockeyaren bidez heldu nintzen Hanka Labankara. Ostean hasi nintzen patinekin. Askotariko adinetako kideak gaude. Ni naiz gazteena, eta oso pozik nago elkarteko kide izateaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak