Konposta egiteko tailerrekin pozik, aramaioarren konpromisoa neurtzeko ordua da

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 7a, 14:07

Udalak eta Zuiako Tokiko Agenda 21 egitasmoak norberak konposta egiteko aukera eskaini gura die aramaioarrei. Horretarako lehen tailer bat egin zuten uztailean eta, orduan jende gutxi enteratu zenez, joan den eguenean ekimena errepikatzea erabaki zuten.

Joseba Sanchez Iruñeko Vernicam enpresako konpostatze arloko arduradunak gidatu zuen tailerra: "Herrian dagoen interesa eta ezagutza maila neurtu gura ditugu. Horretarako hondakinen kudeaketaren arloan zein puntutan gauden azaldu dugu eta behin hori jakinda, konposta nola egiten daitekeen ere aztertu dugu". Izan ere, Aramaio konposta egiteko herri "ezin aproposagoa" dela uste du Sanchezek.

ASEkoak, bereziki interesatuta

Uztaileko lehen bilera "teknikoagoa" izan zela gogoratu du adituak: "Konposta nola egiten zen arlo teknikotik landu genuen orduan eta ikusita hitzaldi horretara agertu zirenen interesa, pentsatu genuen bigarren saio honetan Aramaion konposta egiteko aukera onenak zeintzuk izan daitezkeen aztertzea". Hitzaldiaren hasieran adierazi zuenez, "nahi beste" mozteko eskatu zien bertaratutakoei: "Nahiago dut etengabe mozten aritzea eta edozein zalantza galdetzea, saio guztia bakarrizketa bat izatea baino". Saioa nahiko hotz hasi bazen ere, amaierarako herritarrek ez zuten lotsarik izan zalantzak galdetzeko; 15 bat lagun elkartu ziren.

Jon Toña Udaleko Tokiko Agenda 21eko teknikaria ere bertan egon zen eta saioa amaitu ostean esan zigunez, "balorazio ona" egiten dute: "Jendea pozik joan dela esango nuke, interes handia erakutsi dute gehienek". Aramaioko Sagardogileen Elkarteko kideak ere egon ziren eta horiendako bereziki interesgarria izan zela uste du Toñak: "Sagarraren hondakinak kudeatzea arazo bat da eurendako eta horregatik oso interesatuta daude konpostaren gaineko xehetasunen berri izateko. Azalpenak jaso ostean elkarteko kideen artean eztabaidatuko dutela esan zuten".

Udala, konpromiso bila

Udalak edozein proiektu abian jarri aurretik konposta egiteko herritarrek duten interesa eta konpromisoa neurtu gura ditu. Beraz, orain hausnarketarako unea da: "Herritar kopuru minimo bat lortu gura dugu konposta egiteko gertu egongo dena eta horren arabera hasiko gara egin beharreko inbertsioak aztertzen", adierazi zuen Toñak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak