Ukrainatik eta Saharatik Aramaiora, etxean moduan sentitzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 6a, 10:30

Aurten ere gonbidatu bereziak izan ditugu Aramaion. Maryna, Illya, Nadiya eta Nafisa dute izena eta euren jaioterriko errealitate gordina atzean utzi zuten ekain amaieran uda gurean igarotzeko. Lehen hiruak Ukrainatik etorri dira eta Nafisa, berriz, Saharatik.

Maryna (10 urte) eta Illia (7) lehenengoz izan dira Aramaion, Txernobilen Lagunak elkarteari esker. Jesus Garitaonandia eta Blanca Mendialduaren etxean egon dira: "Aukera zegoela esan ziguten eta beste urte batzuetan baino librexeago geundela pentsatuta, proba modura, animatu egin ginen. Oso esperientzia polita izan da". Lehen urtea izan denez, Aramaio eta inguruak ezagutzen nahikoa izan dute: "Lehen egunetan hizkuntza oztopo bat izan arren, azkenerako dena ulertzen zuten. Hasieran ez zeuden oso motibatuta euskara ikasteko baina udalekuetan egon zirenean konturatu ziren hemen euskaraz jakitea beharrezkoa dela". Berriro elkartzeko gogoekin geratu dira: "Agurtzerakoan berriro egoteko hamar hilabete bakarrik falta zirela esan ziguten".

Ukrainan, errealitate ezberdinak

Ukrainatik etorri da Nadiya (13) ere, iaz moduan, Etor Arregi eta Mirari Kortaren etxera, Azkoagara: "Aurtengoa bigarren urtea izan denez, dena errazagoa izan da. Guregan konfiantza handiagoa zuen hasieratik eta guztiok ibili gara gusturago". Auzoko zein herriko jaietan eta Txatxilipurdik antolatzen dituen Orioko udalekuetan ederto ibili ostean, Pirinioetan ibili ziren. Iaz baino gusturago ibili direnez, agurra ere gogorragoa izan da: "Pena handiarekin joan da. Alde batetik pozik, gurasoekin egongo delako. Baina hango errealitatea hain da gogorra eta hain gustura ibili da hemen, gogorra izan zela agurtzea", esan digu Arregik. Ukrainatik datozen haurren errealitateak ezberdinak dira. Batzuk familia egituratuetatik datoz, hiritik. Beste batzuk, baina, landa eremuetan bizi direnak bereziki, egoera zailagoak bizi dituzte. Azken horiek Txernobildik gertuago daude, baldintza okerragoetan: "Hori da Nadiyaren kasua. Etxea oso xumea eta baldintzak oso gogorrak".

(Nadiya Pirinioetan)

"Alaba bat moduan izan da guretako"

Oporrak Bakean ekimenari esker, bestalde, Saharatik Nafisa (11) etorri da Gureiara, Iñaki Larrañaga eta Yolanda Silleroren etxera. Familia iaztik ezagutzen zuen, eta "oso gustura" ibili da: "Igerilekura, hondartzara, artzain txakur txapelketara, azoketara... denetarik egin dugu. Oso gustura ibili gara, hemen inguruan". Agurra "oso gogorra" egiten dela aitortu digu Larrañagak: "Bi hilabete egon da gurekin eta beste alaba bat moduan izan da guretako".

(Ukrainako Maryna eta Illya, Garitaonandia eta Mendialduarekin)

Udala, ahal duenean laguntzen

Udalak, familia horien jarrera txalotzeaz gain, ahal izan duen neurrian lagundu die. Ukrainatik etorri direnei 30 euroko bonua eman zieten eskolako materialean gastatzeko.
Nafisaren kasuan, berriz, Udalak ordaindu du bidaia Oporrak Bakean ekimenaren barruan dagoelako. Aurrerantzean Ukrainatik datozenekin laguntza gehiago emateko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak