Konposta etxean egiteko tailerra "oso interesgarria" izan zela uste du Aramaioko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko uzt. 22a, 17:09

Udalak eta Zuiako Tokiko Agenda 21 egitasmoak norberak konposta egiteko aukera eskaini gura die aramaioarrei. Horretarako tailerra egin zuten joan den eguaztenean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Lehen saio horren helburua hirukoitza izan zen, Jon Toña eskualdeko Tokiko Agenda 21eko teknikariaren arabera: "Batetik, udaletxean jaso ditugun eskaera batzuei erantzun bat ematea gura genuen. Bestetik, herritarrek konposta egitearen gainean zituzten zalantzak argitzea ere izan zen helburua eta, azkenik, Udalak herritarren interesa neurtu gura du proiektua bultzatzea merezi duen hausnartzeko".

Lehen bilerarekin "oso pozik"

Beraz, lehen bilera hori abiapuntu bat izan da. Lehen saioa izateko eta jende gutxi agertu arren –hamar bat lagun elkartu ziren– antolatzaileak "oso pozik" irten ziren tailerretik: "Oso interesgarria izan zen eta esango nuke jendea gustura joan zela. Oso balorazio ona egiten dugu, mundiala izan zen". Lastima da jende gutxi agertu izana, baina ez da harritzekoa. Asistentzia eskasa honela azaldu digu Toñak: "Jende gutxi agertu izana gure errua bada neurri baten. Uztaileko arratsalde eguzkitsu baten halako hitzaldi batera baino jendeak nahiago izaten du igerilekura edo beste lekuren batera joatea".

Azalpen orokorrak

Iruñeko Vernican enpresako teknikari batek eman zuen tailerra eta lehen saioa zenez, azalpen orokorrak eman zituen. Konposta etxean bertan egiteko prozesua azaldu zuen, "modu sinple" baten: "Zer bota daitekeen eta zer ez, proportzioak, nola ureztatu behar den, aireztapenaren garrantzia, jarraitu beharreko urratsak... Hainbat kontzeptu azaldu zituen", adierazi digu Zuiako teknikariak.

Irailean, saio berri bat

Irailean beste saio bat egitea da asmoa. Hasteko, jende gehiagorengana heldu gura dute eta herritarrei etxean bertan konposta egiteko aukera dutela jakinarazi. Era berean, iraileko hitzaldi hori Aramaioko errealitatera egokitu gura dute. Adibide bat jartzearren, Ibarran bertan konposta egiteko guneak jartzearen gainean eztabaidatuko lukete iraileko bileran. Horren aurretik, baina, aramaioarren interesa neurtu gura du Udalak. Izan ere, proiektu horretan ere herritarren parte-hartzea eta iritzia ezinbestekotzat jotzen dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak