Jokin Orobengoa: "Bertakoa kontsumitzeko interes handia erakutsi du jendeak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mai. 16a, 19:14

Hilaren 11n amaitu zen Lorabarri Asteaz eta etorkizunerako erronkez egin dugu berba Jokin Orobengoa Aramailur kontsumo taldeko kidearekin. Antolakuntza talde osoaren izenean egin du berba Orobengoak; pozik daude lehenengoz antolatu duten aste bereziak eman duenarekin.

Zein balorazio egiten duzue Lorabarri Asteak eman duenaz?
Oso positiboa. Ekintza gehienetan parte hartzea oso altua izan da. Herritarrendako intereseko gaiak izan direla uste dugu eta giro onean igaro dugu astea; kasu batzutan gehiago sakontzeko gogoarekin gelditu izanak ere aurrera begirako ideiak eman dizkigu. Pena bakarra izan da jangelako antolaketa ereduen gaineko hitzaldia bertan behera geratu izana.

Azoka izan zen azken ekintza. Nolakoa izan zen erantzuna?
Ahalik eta eskaintza zabalena eta txukunena prestatzen saiatu ginen eta erantzuna oso ona izan zen. Azokak arrakasta izan zuen baserritar eta ekoizleen aldetik, zein azokan erosketak egin, kantatu eta euren musikarekin alaitu gintuztenen aldetik. Lehen aldia zenez, zaila zen aurreikuspenak egitea eta produktu batzuk nahiko azkar amaitu ziren. Aramaioko bertako produktuak kontsumitzeko interes handia erakutsi du jendeak. Orturako landareek, esaterako, arrakasta handia izan zuten. Edalontzi eta plater berrerabilgarrien aldeko apustua egin genuen, hondakin gutxi sortuz.

Zeintzuk dira etorkizunerako erronkak?
Arrakasta ikusita, azoka errepikatu beharrekoa dela uste dugu. Jaien ostean garai ona izan daiteke, uzta jaso, herritarren eskura jarri eta tokiko kontsumoa bultzatzen jarraitu nahi dugu-eta.

Zerbait gaineratzerik nahi?
Ekintzetan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, euren parte hartzeari esker aurrerantzean ditugun erronkei heltzeko hauspoa eman digu-eta azken asteak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak