Interes handia piztu du biomasaren gaineko jardunaldiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mai. 16a, 19:00

Biomasa edo basoa energia iturri moduan aldarrikatu eta batez ere herritarrak sentsibilizatzeko, hainbat aditu pasako dira gaur Aramaioko Kultur etxetik. Udalaren ekimenez jardunaldi interesgarria ari dira egiten, 10:00etatik 20:00etara: 'Basoetako bioenergia: aurreztea, enplegua eta jasangarritasuna landa eremuan'. 

Harrera ekitaldian egon dira Martin Etxabe Mendietako zinegotzia, Ramon Ajuria alkatea, Marta Ruiz Cerillo Arabako Diputazioko Ingurumen eta Hirigintza zinegotzia, Santiago Arevalo Enguerako (Valentzia) alkatea eta Remufor –baso-ustiapena lantzen duten udalerrien sarea da; Aramaio ere sartu da orain dela gutxi– elkarteko presidentea dena eta Juan Jesus Ramos Avebiom elkarteko teknikaria. 

Alkateak argi azaldu du jardunaldiaren helburua: "Euskal Herrian aukera daukagu energia bertan lortzeko, kanpora jo gabe. Sentsibilizazio kanpaina bat hastea gura dugu, lehen urrats bat ematea. Ongi etorri guztioi". Harrera ekitaldian hitza hartu duten ordezkari guztiek txalotu eta eskertu zuten Aramaioko Udalaren lana, baita alkateak erakutsi dituen prestutasuna eta interesa ere: "Valladoliden ezagutu nuen Ramon eta oso azkar konektatu genuen; ni ere Valentziako herri txiki bateko alkate naiz. Indarra eta ilusio handia erakutsi zituen hasieratik eta hori eskertzekoa da, basoa ustiatu gura dugunok eskutik helduta joatea ezinbestekoa delako. Batera bagoaz, helburuak lortzea errazagoa izango da. Landa eremuko herriok aukera ederra dugu biomasarekin".

Diputatuaren esker on hitzak

Marta Ruiz Cerillo diputatuak ere esker on hitzak izan zituen Ajuriarekiko, besteak beste: "Zorionak eta eskerrik asko halako jardunaldi interesgarri bat antolatzearren. Etorkizunerako aukera berri bat proposatzen du, krisi energetikoa agerikoa denean. Arabak baso eremu handiak ditu eta kudeaketa egokiaz lehen oinarri batzuk finkatzen joan gaitezke lurralde osorako".

Udala, harrera onarekin pozik

Udala harrituta gelditu da atzoko jardunaldiak piztutako interesarekin: "Teknikari, ordezkari politiko, sektore energetikoen enpresen ordezkari, zein norbanakoak etorri dira eta hori oso positiboa da". Izan ere, 60 bat lagunek eman zuten izena jardunaldian parte hartzeko.

Alaiak elkarteak beste saio bat antolatu du

Gaurko jardunaldiarekin zerikusi zuzena duen saio berri bat egongo da datorren astean. Izan ere, hilaren 21erako Alaiak erretiratu elkarteak Aramaioko energia horniduraren gaineko hitzaldia antolatu du Kultur etxean (18:30). Xabier Arriolabengoa teknikariak Aramaioko argindarraren kudeaketa izango du hizpide eta Ramon Ajuria alkateak, berriz, energia lortzeko Aramaiok dituen baliabideak azalduko ditu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak