Udalarekin elkarlanean antolatzen da; landaketetan laguntzeaz gain, hamarratekoa Udalak ordaintzen du. Hamarretakoaz ederto gozatzen dute neska-mutikoek, San Martin eskolako arduradunen arabera.
Helduenak San Adrian aldean
Martitzenean Lehen Hezkuntzako 89 ikasle ibili ziren denetariko zuhaitzak landatzen, San Adrian inguruan. Martin Ibabe Udaleko Nekazaritza eta Ingurumen batzordeko zinegotzia eta Aitziber Zumalde aguazila aritu ziren landaketak gidatzen eta haurrei azalpenak ematen.
Izan ere, aurten Toki Alai interpretazio zentroko ordezkariak ez dira etorri dirurik ez zegoelako. Orain arte zentroko ordezkariak izaten ziren azalpenak ematen zituztenak baina antolatzaileen arabera, ez zen egoten denborarik azalpen "luzeak eta zehatzak" emateko: "Denboraz nahiko justu aritzen gara". Zuhaitz berriak landatzeaz gain, iaz landatutakoak ere begiratu zituzten, urtebete pasa ostean nola dauden ikusteko. Eskolako ordezkariek kontatu digutenez, "bakarren batzuk" ahuntzak janda agertu dira.
Umeek ederto pasatzen dute: "Ikasleak oso gustura aritzen dira zuhaitzak landatzen, eta azalpenak arreta handiz jarraitzen dituzte". Zuhaitz mota desberdinak landatu dituzte aurten ere: gogortxoak (viburnum tinus), bertako eta Indiako gaztainondoak (Aesculus hippocastanum) eta serbalak (Felis serval), besteak beste.
Gazteenak Ibarran bertan
Eguaztenean Haur Hezkuntzako ikasleen txanda izan zen. Aguazilarekin eta beste bi udal langileren laguntzarekin, gladioloen erraboilak –bulboak– landatu zituzten hiltegi zaharraren ondoko lursailetan: "Gustura eta pozik bueltatu dira eskolara".
Bi urteko ikasleek, eskolako gazteenek, ez zituzten landaketak kanpoan egin, baina etxera eramateko plastikozko edalontzietan haziak erein zituzten.