Maider Unda: "NBOk borroka librea Joko Olinpiarretatik baztertu nahi izatea sinesgaitza dirudi"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Fraile 2013ko ots. 26a, 16:52

NBOko batzorde exekutiboak borroka librea 2020an programa olinpiarretik baztertu nahi duela ezagutarazi du. Bada, borrokak Joko Olinpiarretan egoten jarrai dezan, milaka pertsona mobilizatu dira; Indiako gobernua beste herrialde batzuei laguntza eskatuko diela esanez, eta baita kirolari eta borroka libreko jarraitzaile asko ere. Maider Unda oletarra 9 urte zituenetik kirol honetan diharduen kirolari sutsua da, eta harekin izan gara gaiari buruzko iritzia jakiteko.

Zer iruditzen zaizu Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak kirol minoritario hau baztertu nahi izateak?

Egia esan, oraindik ez dut sinisten berri hau egia izan daitekeenik, sinesgaitza dirudi. Erabakia politikoa izan da, baina oraindik ez da behin-behinekoa, irailera arte gauzak asko alda daitezke, eta hori espero dut.  

Kirol honek Joko Olinpiarretan egoten jarrai dezan, Espainiako Federazioak neurriren bat hartzea pentsatu al du? 

Benetan indarra egin behar den lekua eta azken erabakia hartuko duena Nazioarteko Batzorde Olinpiarra da. Espainiako Federazioak komunikatuak soilik helaraziko dizkigu kirolariei, baina azken erabakia Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak izango du. Momentuz, lehenengo neurria FILAko presidentea kanporatzea izan da.

2016ko Rio de Janeiroko Joko Olinpiarretan, beraz, helburu bikoitza izango  duzu. Zure ibilbide profesionaleko erronka nagusia izango al da?

Gure kirolean erronka nagusia Olinpiada batzuetan egotea da, eta, lehenengo, hor egoteko sailkatu egin behar da. Bidea ez da erraza izan, eta aurrerantzean, ezta ere, baina nire asmoa hor egotea da, lehen mailan. Bestalde, ez dut uste borroka librea Joko Olinpiarretatik baztertuko dutenik, eta, hala izaten bada, nik neuk borroka praktikatzen jarraituko dut. 

Zer sentitu duzu 72 kiloko kategorian 13 aldiz Espainiako txapeldun izanda?

Oso pozik sentitzen naiz, 13 aldiz ez du nesketako sailkapenean inork lortu. Esan beharra dago lehenengo aldiz Espainiako txapeldun izan nintzenean justu-justu geratu nintzela. Urteak pasa ahala, lehiaketetako txapeldun izatea nire bizitzako etapa bat soilik izan da. Nire buruari txapelketetako lehenengo lerroan egotea besterik ez diot eskatzen.  

Eta saririk gorena, brontzezko domina Londresko Joko Olinpiarretan?

Londreskoa bizitza osoan amestu izan dudan gaia da. Badirudi ezinezkoa dela, bizitza osoan amesturiko gauza dela... baina amets bat egia bihurtzen denean izugarrizko poza da. 

Txapelketei dagokienez, Suedian izan den Klippan Lady Openetik itzuli zara eta brontzezko beste domina bat irabazi duzu. Zer-nolakoa izan zen garaipena? Espero zenuen?

Txapelketa batean, eta urtea hasten denean, beti daukazu beldurra nola egongo zaren, baina bai gustura sentitu naiz eta domina lortzea nire helburua zen. Pozik nago lorturiko brontzezko dominarekin.

Bestalde, datorren otsailaren 23-24an Murtzian Espainiako txapelketa jokatuko da. Zelan doaz aurre-prestaketak? Zelan zaude fisikoki? Beste domina bat lortzeko prest?

Domina soilik ez, nire helburua urrezko domina lortzea da; 14.a, hain zuzen. Domina beti da helburu, baina helburu nagusia Europako leihaketa da. Txapelketek nire burua entrenatzeko eta fisikoki zein psikikoki zelan nagoen ikusteko balio dute. Okerrena pisua eman behar dudala da, 72 kilo urtean lehenengo aldiz da-eta gehien kostatzen zaidana. Horregatik, nire lehenengo txapelketa pisuarekin hasten da. Fisikoki ongi nago, egunean hiru orduz aritzen naiz entrenatzen,  Gasteizko gimnasioan borroka egiten dut eta nire etxean prestatzen naiz korrika eta pesak eginez. 

Rio de Janeiroko Joko Olinpiarretarako ia lau urte falta dira oraindik, baina bazabiltza ordurako entrenatzen?

Oraindik denbora luzea falta da. Ordurako entrenatzen baino gehiago, zaindu egin behar da. Lehenengo bi urteetan pisuari dagokionez zaintzen saiatzen naiz eta ondorengo bi urteetan, fisikoki eta psikikoki prestatzen naiz Olinpiadei begira.

Europa mailan borroka libreko beste zenbait lehiaketa daude finkaturik. Denetan parte hartzeko asmorik badaukazu? Zeintzuetan?

Aste bukaera honetan Murtzian izango den Espainiako txapelketaz aparte, nire lehendabiziko helburua  martxoaren 21ean Georgiako hiriburuan, Tiflisen, jokatuko den Europako Txapelketa da. Ondoren, 2-3 asteko oporraldia hartuko dut, eta gero, ekainaren amaieran Mediterraneoan jokatuko diren jokoetarako prestatzen hasiko naiz. Dena den, maiatzean txapelketaren baten parte hartzen saiatuko naiz.

Hainbeste lehiaketa eta Joko Olinpiarretako aurre-prestaketen ondorioz, zure amatasunaren plana atzeratu egingo al duzu?

Bai, noski. Amatasunaren plana atzeratu egingo dut. Joko Olinpiarretan parte hartu baino lehenago ama izatea pentsatu nuen, baina oraintxe bertan, kirolean gustura nago eta ez da erabaki hori hartzeko momentua. Une honetan, kirolarekin asko  ari naiz gozatzen. 

Bateragarria al da ama izatea eta borroka librean lehenengo mailan aritzea?

Kirol hau praktikatzen dutenen artean badaude ama ugari, baina ez da erraza bizimodu hori eramatea. Entrenatzeak ez du denbora luzerik kentzen, arazoa edo zailena kanpoko lehiaketetara joatean asteak eta hilabeteak igarotzean datza.

Bizitza entretenigarria daramazu. Zelan moldatzen zara zure baserri bizimoduarekin eta borroka librean entrenatzeko?

Baserrian jaio naiz. Ahal dudanean etxean lan egiten dut eta kanpora noanean nire ahizpa aritzen da baserriko lanetan. Gogoko dut baserri mundua; ardiekin ibiltzea, gazta egitea, gazta saltzea... Kirola ez dut bizi goiz, arratsalde eta gauez, nik beste bizitza bat ere behar dut.

Zu jaiotako inguruak eragina al dauka borrokan aritzeko aukeraketan?

Ez, baserri giroak ez nau bultzatu. Nire aukeraketan eragina izan zuen pertsona gizonezko bat izan zen. 9 urte nituela, gizonezko borrokalari bat etorri zen ikastolara bisitan, eta ordutik daukat zaletasuna. 

Zer sentitu zenuen Londresko brontzezko domina eskuratu berri albiste hau jakin eta gero? 

Bai kanpotik zein barnetik kirol hau bizi duenak ezin du ulertu. Aho zabalik, harrituta geratu nintzen, baina ez dut uste borroka librea 2020ko Olinpiadetatik kanpo geratuko denik, asko dago ikusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak