Beatriz Asurmendi: "Oraindik gogoan dut Ingalaterrara heldu eta gospel koru baten sartzeko probak egin nituen eguna"

Amaia Garate 2012ko urr. 30a, 01:00

Beatriz Asurmendi (Aramaio, 1991) EHUn dabil Ingeles Filologiako azken urtea egiten. Txiki-txikitatik abestea gustatzen zaion aramaioarra White Shadow izeneko musika taldeko abeslaria da, ETBko Bi gira saioan parte hartu zuen eta Birminghameko Community Gospel Choir-eko abeslaria izan zen. 

Nolatan abestu zenuen Ingalaterrako gospel koru baten?

Joan den ikasturtean, Erasmus bidez joan nintzen Birminghamera, Ingalaterrara. Urte ahaztezina izan zen niretzat, ez bakarrik munduko leku ezberdinetako lagun pila bat egin nituelako; izan ere, kultura ezberdinak ezagutu nituen eta nire ingelesa izugarri hobetu nuen, baina nire familia eta lagunek ondo dakiten beste amets hori ere bete nuen: gospel koru batean abestea. Urte batez, Birmingham Community Gospel Choir-eko abeslari izan naiz. 

Kontzertu pila bat egin genituen Ingalaterra osoan, eta, horrela, gainera, herrialde horretako toki ezberdin asko ezagutzeko aukera izan nuen. Ahots-teknikari dagokionez, izugarri ikasi dudala nabaritzen dut. Inork inoiz erakutsi ez dizkidan gauzak ikasi ditut, eta benetan, bizitzan entzun ditudan ahots onenetarikoak izan nituen ondoan. Dudarik gabe, gospel koruarekin bizi izan dudan guztia ez dut inoiz ahaztuko. Koruaz gain, Birminghameko musika eskola batera ere joaten nintzen kantuko klaseetara.

Nork bultzatu zintuen Bi gira saiora aurkeztera?

Ahotsak Studion hiru urtez ibili ondoren, Bi gira saioan nire bikotekide izandako Miren Oteitzari eta bioi saioaren berri eman eta parte hartzera animatu gintuen bertako irakasleak. Aitortu behar dut, ordea, hasieran ez genuela gure burua telebista saio batean ikusten eta parte hartzea astakeria hutsa iruditu zitzaigula. Baina, bat-batean, "zergatik ez?", pentsatu genuen. 

Eta eskerrak apuntatu ginen. Bizitzako esperientzia politenetako bat izan zen niretzat. Saioak iraun zuen hiru hilabete haietaz pentsatzeak izugarri hunkitzen nau. Esperientzia ahaztezina izan zen. Ostiralero, unibertsitatetik irten ondoren, Donostiara joaten ginen saioak grabatzera. Ederki pasatzen genuen eta lagun asko egin genituen. Egia da lan dezente egin behar izaten genuela astean zehar; izan ere, aste bakoitzean abesti ezberdin bat ematen ziguten eta gure kabuz atera behar genituen ahotsak, eta baita koreografiak prestatu ere. Baina merezi izan zuen, finalera heldu eta publikoaren saria irabazi genuen-eta! 

Nola sortu zen White Shadow taldea?

Oier Arregik, Paulo Casalek, Asel Errastik eta laurok osatzen dugu. Taldea sortu baino lehen elkar ezagutzen genuen, baina bakoitzak musika talde ezberdin batean jotzen zuen. Egun batean entseatzeko lokalean topo egin, eta elkarrekin abesti batzuk jotzen hasi ginen. Entzun genuena asko gustatu zitzaigun, eta entseatzeko elkartzen hasi ginen, talde bat sortzea erabaki genuen arte. Bi urte pasa dira jada eta kontzertu dezente jo ditugu, inguruko herrietako festetan eta tabernetan. Musika motari dagokionez, zaila da gurea definitzea; izan ere, taldeko bakoitzak estilo nahiko ezberdina du. Nork bere kutsua ematen die abestiei, eta hori da, hain zuzen ere, taldearen ezaugarri berezienetako eta, era berean, politenetako bat. 

Nola ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Etorkizunean, nire ahotsa lantzen jarraitu nahi dut, ahots-teknikari dagokionez ahalik eta gehien ikastea. Oso motibatuta nago momentu honetan, eta ikasturte honetan karrera amaitu ondoren horixe egitea gustatuko litzaidake. Orain arte ez diot ahotsa lantzeari utzi eta ez dut etorkizunean hori egingo, bertatik bizi izatea baita nire ametsa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak