Komedia eta drama uztartzen dituen lana dela kontatu digu Doke taldeko aktore Mariasun Pagoagak: "Antzezlana tanatorio batean kokatzen da eta hildako bat dago, beraz badu alderdi dramatikoa. Dena dela, zalantza barik komediatik du gehien. Tanatoriora hildakoaren lagun eta familiartekoak gerturatuko dira eta hildakoak guztia ikusi eta entzungo du. Horrek egoera nahiko barregarriak sortuko ditu tanatorioan".
Arrasateko mugetatik kanpo
Orain arte egindako antzezlanek (Eskuak Elkarri, Gabonetako Ikuskizuna eta Iragana Iragan) Arrasate zuten kokaleku edo Arrasaterekin zuten zerikusia. Bada, oraingo honetan Arrasateko mugak gainditu nahi izan dituzte: "Pena ematen zigun, horrenbeste lan hartu eta gero, Arrasate eta inguruan bakarrik aurkeztu ahal izatea gure lanak. Horregatik oraingoan Arrasaterekin loturarik ez duen antzezlana prestatu dugu. Modu horretan beste herri batzuetan ere taularatzea da asmoa".
Oraingoz nahiko ondo doaz asmo horiek. Arrasaten, Aretxabaletan eta Aramaion aurkeztu dute dagoeneko Paradisuko Atean antzezlana eta Arabako beste lau herritan ere lotuta daukate dagoeneko emanaldia. Horrez gain, beste hainbat udalekin ere harremanetan dabiltza.
Eskola bikaina
Zortzi urte hauetan sendotu egin da Doke taldea. Gaur egun hogei bat lagun dabiltza bertan, eta zapatuan, esaterako, hamabi ikusi ahal izan ziren taula gainean, aktore bikainak guztiak ere. Baina eszenaratzea ere benetan zaindua eta berezia erakutsi zuten, izan ere, agertokiaren atzeko aldean benetako profesionalek jarduten dute lanean. Mariasun Pagoagaren esanetan, eskola bikaina da Doke taldea: “Gehienondako eskola bikaina izan da; bertan ikasi dugu dakigun apurra. Nire kasuan ere, zineman atera zaizkidan lanak Doke taldean ikasitakoari esker izan dira”.
Etxean bezalaxe
Zapatukoa emanaldi berezia izan zen Doke antzerki taldeko kideendako, izan ere, Aramaion etxean bezala sentitu izan dira beti: "Hasiera-hasieratik, Doke sortu zenetik, Aramaioko kultura etxeko ateak zabalik izan ditugu gure entseguendako, eta urte asko daramatzagu Aramaion lanean. Oso oholtza berezia da guretako eta etxean bezala sentitzen gara”. Eta zalantza barik berezitasun eta xarma hori nabaritu zen zapatuko emanaldian.