Euskal Herriko 196 udalerrik osatzen dute Udalsarea 21, eta udalerri horiek guztiek iraunkortasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartu zuten Udalsarearekin bat egin zutenean. 2011ko azaroan sartu zen Aramaio eta duela hilabete eta erdi Leioan egindako batzorde exekutiboan jaso zuen Ramon Ajuria alkateak hori egiaztatzen duen diploma ofiziala.
Hala, asteon lehenengoz egin dira Aramaion Udalsarea 21eko batzorde teknikoak. Jon Toña Zuiako Koadrilako Tokiko Agenda 21eko teknikariak azaldu digu bileron helburua: "Esperientzia gehiago duten udalerrietatik ikastea da helburu nagusia. Ibilbide luzeagoa dute eta hainbat ekintza egin dituzte jasangarritasunaren bidean eta beraz, eurengandik ikastea onuragarria da denondako".
Mirian Arrizabalaga Udalsarea 21eko idazkaritza teknikoko arduradunak ere esperientziak trukatzeari garrantzi handia ematen dio: "Foro bat da eta bertan partekatu egiten dugu: esperientziak trukatu, informazioa banatu eta gure jakintza eta nahi egina partekatzen ditugu".
Mugikortasun jasangarrirantz
Ramon Ajuria alkateak ongi etorri ekitaldian azaldu zuen, Udalsarea 21en ibilbide laburra izan arren, gogotsu daudela jasangarritasunaren alde lan egiteko eta horregatik proposatu zuen batzorde teknikoak Aramaion bertan egitea.
Lehen atalean, Eusko Jaurlaritza bideratzen ari den Mugikortasun jasangarriaren barruko araudi berriaren xehetasunak azaldu zituzten Jaurlaritzako ordezkariek. Helburu nagusia, Euskal Herriko udalerrietan mugikortasun eredu jasangarri bat bultzatzea izango da.
Horren harira, Areatzako alkateak bere udalerrian garatutako Auzokar ekimenaren berri eman zuen. Hau da, Udalak jarritako autoak partekatuz garraio kolektiboaren aldeko apustua. Lan saioa amaitutakoan teknikariek maiatzaren 30ean inauguratutako Ikerketa eta Berrikuntza zentroa bisitatzeko aukera izan zuten Aitor Larrañaga Aramaixo Basarri Barriko dinamizatzailearen eskutik.
Ondorio moduan Toñak nabarmendu ditu diru-laguntza berrien gaineko informazioa jaso zutela eta produktu "berdearen" alde egiten duten enpresak kontratatzeko orduan udalak eredu izan behar direla.