Txipi Ormaetxea: "Berorika galtzeak pena handirik ez dit ematen; bai, ordea, hika galtzen joateak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko mar. 23a, 08:00

Filologia Erromanikoan eta Euskal Filologian lizentziaduna den Txipi Ormaetxea hizkuntzalaria (Arrasateko Gesalibar auzoa, 1954) kultura etxean izan genuen joan den astean Aramaioko aditz-taulak izeneko lana aurkezten. Era berean, Badihardugu elkartearen Ahotsak.com proiektuaren Aramaiori dagokion atala ere aurkeztu zuten. Ormaetxearekin egon gara azken lan horren gainean berbetan. 

Zein zen hitzaldiaren helburua?
Badihardugu euskara elkartea 2005ean hasi zen Deba ibarreko herrietako aditz-taulak argitaratzen. Aramaioko aditz taulen aurretik beste herrietako batzuk agertu izan dira. Esaterako, 2005ean Oñati eta Eibar; 2006an Bergara eta Elgoibar; 2007an Elgeta, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga; 2008an eta 2009an Soraluze eta Mallabia; eta 2010ean, azkenik, Antzuola.

Helburua zen iazko abendutik argitaratua zen lana aramaioarrei aurkeztea. Gaia zabala bada ere, aurkezpen laburra izan zen, puntu zehatz batzuen ingurukoa; besteak beste, aditz-taulak eta erabilera, berezitasun batzuk, tratamenduak eta erregistroak.

Egia esan, pena izan zen adineko jenderik etorri ez izana. Izan ere, aurkeztu ziren proiektu biak Aramaioko lekuko zaharrenei esker burutu dira eta oso interesgarria izango litzateke eurak ere hitzaldian egotea. Hala ere, etorri zirenek parte hartu zuten eta giro ona sortu zen.

Edukira jota, Aramaion bakarrik erabiltzen da aditz taula hori?
Ez, Aramaioko adizkiak eta inguruko herrietakoak nahiko antzekoak dira. Aramaion eta inguruko herrietan, berezitasun bat da aditz-forma askotan ez dagoela komunztadurarik objektu pluralaren eta aditzaren artean. Adibide batekin hobeto ulertuko da: Edan daigun kopa bat (batua: Edan dezagun kopa bat); Edan daigun kopak (batua: Edan ditzagun kopak). Adizkietan, Aramaioko berezienak hauek dira, nire ustez: nen (nuen), gen (genuen), zen (zenuen). Egia da, dena dela, horien ondoan beste hauek ere erabiltzen direla: neuen/nauen, geuen/gauen eta zeuen/zauen.

Adizki guztiak jaso dira Aramaioko zaharrenen artean, baina guztiek ez dute erabilera maiztasun bera. Eguneroko jardunean batez ere indikatibozko formak erabiltzen dira: orainaldikoak, naz (naiz), jat (zait); eta lehenaldikoak, nintzen (nintzen), jaten (zitzaidan).

Adinekoen hizkeraren berezitasunak jasotzen dituzte gazteek?
Transmisioa ez da guztiz eten, baina hizkuntzaren aldaketa etengabea da. Aditzean ere gauzak aldatzen doaz. Euskara Batuaren eragina ere hor dago, batez ere gazteengan. Hor galdera bat sortzen da: dena da onargarri? Esaterako, erosi neike-ren pareko erosi leikedot onargarria da?

Bestalde, nik ez dut pena handirik berorika galdu delako, baina bai hika galtzen doalako. Eskerrik asko, etorri zinetenoi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak