Mikel Otero: "Asko harritzen da jendea planak zeintzuk diren jakiten dutenean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko mar. 12a, 09:30

Fracking Ez Araba plataforma 2011ko abenduan eratu zenetik bertako kide da Mikel Otero (Alkiza, 1972). 'Fracking'-aren bidez gasa lortzeko proiektuek jendearengan eta ingurumenean sor ditzakeen kalteez ohartarazi behar dela uste duelako sartu zen plataforman. Bihar hitzaldia emango du gaiaren gainean, kultur etxean (18:30).

Hasteko, zertaz arituko zara?
Fracking-a baliabide ez konbentzionalak ustiatzeko erabiltzen den tekniketako bat da, oso teknika bortitza ingurumenarendako. Araban eta inguruan, Euskal Herri osoa barne, gasa teknika horien bitartez ustiatu nahi dute, eta guk horri buruz egingo dugu berba. Teknika zertan datzan azaldu, zein ondorio kaltegarri izan dezaken ikusi eta gure inguruan dauden proiektuei buruz informazioa zabaltzea, hain justu.

Zein arazo sor ditzake, bada?
Fracking-a egiteko, hainbat gehigarri kimiko toxiko erabiltzen dira, eta horiek sortzen dituzten arazoek lur azpiko edateko urak hainbat alditan kutsatu ditu. Hori da guretako ardurarik nagusiena.
Gasaren ihesak ere hainbat arazo larri eragin ditu. Arazo larrienetakoa da lur azalaren okupazioa, teknika horren bidez gasa ateratzeko milaka gas putzu egin beharko dituztelako. Askoz gehiago daude, baina horren gainean bihar luze eta zabal mintzatuko gara.

Arabako zein zonalde kaltetuko luke? Zein eragin izango luke Aramaion?
Arabako 51 udalerrietatik, 50 mehatxupean daude. Gasteiz inguruan hasiko dira, baina gero lurralde osora zabaltzea da ideia. Aramaioko %100a  arriskuan dago, mirua eta sustraia izeneko hidrokarburoak aztertzeko baimenen artean banatua dagoelako.

Aramaioarrek gaia ezagutzen duela uste al duzu?
Helburua jendeak lehen eskuko informazio baliagarria izatea da. Ezin dut esan zer dakiten aramaioarrek fracking-ari buruz. Dakidana da, orain arte egon garen herrietan jendeak lau datu solte besterik ez zituela, proiektuaren sakontasunaz ideia erreal bat izan barik. Asko harritzen da jendea benetako planak zeintzuk diren eta suposatzen dituen arazoez jabetzen direnean. Gaiaren berri izateko etorri biharko solasaldira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak